
Hutsa. Besterik ez dago azpian. Eta begien aurrean, zinta bat. Pauso bat lehenengo, gero bestea.
«Hutsaren gainean oinez ibiltzea». Horrelaxe definitu du Txirritak slackline-a. Bera izan zen Euskal Herrian jarduera honetan hasi zen lehenengoetakoa, oraindik zer zen ere ez zekienean. Ez zaio erraza gertatzen dozenaka metroko altueran sentitzen duena hitzen bidez adieraztea. «Paraxut batekin salto edo puenting eginez gero, izkinean jarri, altuera ikusi eta salto egitean amaitu egiten da. Slackline-a egitean, aldiz, izkinean ipini, pauso bat ematen dugu, gero bestea, eta ondoren bestea... Jauzia egin barik, baina erabakia etengabe hartzen ari gara. Hemen, pauso bakoitza ematea salto egiteko erabakia hartzea bezala da», nabarmendu du.
Gorputzarekin baino gehiago buruarekin lotutako jarduera da. «%100 mentala da. Fisikoa da, oreka gorde behar dugun aldetik, baina oreka guztiz mentala da; eta altueran egindako slackline-an dena da mentala», argitu du Txirritak.
Kirola den ala jarduera soila den debatea albo batera utzita –denetariko iritziak daude–, argi dago oso urte gutxian bilakaera nabarmena izan duela. Euskal Herrian ere bai, nahiz beste herrialde batzuk, AEBak, Txekia, Alemania eta Frantzia, besteak beste, aurretik doazen.
Highline, altuerako slackline-a da diziplina guztien artean erakargarriena. Baina bada besterik. Trickline-an, lurretik distantzia laburrera itzulipurdika «trukoak» eginez aritzen dira. Badira ur gainean –waterline– ibiltzen direnak ere.
Duela hamalau urte hasi zen Txirrita highline egiten. «Yosemiten egondako lagun batzuen bitartez hasi nintzen. Haietako bat, Aitor Garitaonandia Ajillo izan zen hasiera hartan lagun bakarrenetakoa. Gero, Joxe Felix Hormaetxe batu zen taldera», gogoratu du. Hirurak eskalatzaileak ziren eta batera aritu ziren lehenengo highlineak muntatzen.
Kalifornia izan zen slackline-aren sorlekua. 60ko hamarkadara goaz. Eskalatzaile hippyak, Camp 4 izeneko topagunean egiten zituzten itxaronaldietan, bertako kateen eta soken gainean funanbulistak imitatuz hasi ziren.
Hogei urte joan ziren slackline diziplina sortu zenerako. Eskaladako materiala erabiliz gauza bera egiten saiatu ziren eta zinta tenkatuz gainean ibil zitezkeela ikusi zuten.
Txirritak tartekako zaletasuna du slackline-a. Bere burua eskalatzailetzat du, 15 urte zituenetik horman zintzilik dabil-eta. Eskalatzeak bizitza eman dio. «Besteek diote ingeniariak edo medikuak direla, ni eskalatzailea naiz; bolada batzuetan, astean bost egunetan eskalatzen nuen», kontatu du.
Euskal Herrian, altuerako lehenengo zinta 2005. urtean muntatu zen, Ereñoko harrobian. «Urte horretan, Yosemitera nindoan eta joan aurretik proba egin nahi nuen, baina ezinezkoa izan zen! Bederatzi pauso eman nituen», esan du, banan-banan kontatu zituen segurtasunaz.
2007an, Txefe Hormaetxek lortu zuen, lehen aldiz, Ereñoko highline-a gurutzatzea. 23 metro luzeko zinta zen, 50 metroko altueran jarria.
Erronka historikoa
Euskal Herriko hainbat txokotan egindako ahaleginak emaitzak eman zituen. Bost urte geroago, Yosemitera itzuli ziren eta orduan bai, Euskal Herriko historian mugarri izan zen zeharkaldia egin zuten, Lost Arrow haitzean, Txirrita, Ajillo eta Txefek. Yosemite bailarako izarra da. Bertako urjauzien alboan dago eta hormatik banatuta dagoen orratzean hasten da. Zeharkaldi berezia izan zen. «Berezia eta ia bakarra», bota du Txirritak, irribarretsu. «Nik ez ditut asko egin», argitu du.
Joan eta egin. Ezinezko erronka gisa ikustetik gainditzera pasatu ziren. «Hemen distantzia luzeagoan entrenatu ondoren, hara iritsi eta distantzia laburra iruditu zitzaigun –kontatu du mutrikuar eskalatzaileak–. Argazkia ikaragarria da, baina 15 metro baino ez dauzka. Nik lehenengo aldiz Ereñon muntatu nuenak 22 metro zituen».
Oraindik zaila egiten zaio esperientzia hura deskribatzea. Baina gauza bat badaki, zintaren bukaerara iritsitakoan bota zuen oihua «bailara osotik» entzun ziotela.
Mundu osoko eskalatzaileentzat toki historikoa da Yosemite. Bertan eskalatzeaz gain, Lost Arrow zintaren gainean zeharkatu zuten. Muntaiak eman zizkien lanak gogoan ditu. «Egun osoa eman genuen muntatzen», dio.
1984an Ellington eta Grozowskyk altzairuzko kablearekin egin zuten saiakera antzua atzean geratu zen. Hurrengo urtean, Scott Balcomek zintaren gainean gurutzatzea lortu zuen.
Duela hiru urte, Txirrita slackline kontuetan aitzindaria izan zen eta gaur egun garbi du bere maila «historiaurrean» geratu dela. «Maila izugarri ari da igotzen», adierazi du.
Errekorrak bata bestearen atzetik datoz. Hastapenetan, ez ziren distantzia luzeak, 20-30 metro. Urteek aurrera egin ahala, zintak aldatu egin dira eta markak etengabe hausten dira.
Zailtasuna ez du altuerak ematen, luzerak baizik. «Asko igartzen da eta metro batzuetatik aurrera askoz zailagoa da. Ez da erraza marka berriak egitea», argitu du.
Yosemitetik bueltan, sorbaldan lesio bat izan zuen eta eskalada eta slackline kontuak pixka bat alboratuta ditu.
Garbi du: urte gutxi barru, zirkoko mailara iritsiko dira. «Zirkoan, duela 50 urte, hau bera egiten zuten, kablearen gainean. 1974an, Philippe Petitek Dorre Bikien arteko distantzia egin zuen, kablea 400 metroko altueran legez kanpo jarrita. 40 metro egin zituen, pentsa! Zirkoan badago maila oreka kontuetan, duela ehun urtetik, eta orain jarduera honetan lortzen ari da. Zirkoan materiala ez da berdina, tokia ere ez, baina maila existitzen zen», esan du.
Buruak ezartzen dio gizakiari muga bakarra. «Ez dago mugarik», bota du Txirritak.
Eskalatzen eta slackline egiten bizitzen dituen sentsazioak oso desberdinak dira, bere esanetan. «Hasi ginenean, materiala oso egokia ez zenez, beldurra itzela zen; eskaladan, berriz, ez zen horrelakorik gertatzen. Lehenengo aldia gogoan daukat eta beldurra sekulakoa zen», aitortu du.
Gaur egun erabiltzen den materiala ere ez dago altueran erabiltzeko homologatuta. «Zintari ematen diogun tentsioa zenbatekoa den ez dakigunez –neurtu daiteke, baina inork ez du egiten–, fabrikatzaileek ez digute eutsiko dion bermerik ematen», adierazi du.
Euskal Herrian highline egiteko dauden txoko gehienak Txirritak, Txefek eta Ajillok ekipatu dituzte, beste lagun batzuen laguntzaz: Ereño, Dima, Etxauri, Haitz Txiki eta Baltzola.
Orain gazteek errazagoa duten galdetuta, baiezkoa dio eskalatzaileak. «Batetik, materiala eskura dute, ezagutza ere badute eta tokiak dagoeneko ekipatuta dituzte».
Gauzak aldatuz doaz. Belaunaldi berriekin, hiriko kulturak barneratu dira slackline-an. Lehen eskalatzaileak ziren, orain kultura urbanoetatik datoz: skate, patinak, parkour... kirol oso akrobatikoak dira.
Kultura berrien ekarpena positibotzat jotzen du. Dena den, eskaladaren mundutik datozenek abantaila dute: «Materiala oso ondo ezagutzen dugu eta baliabide asko dauzkagu».
Ondorengo belaunaldiei gauzak nola egin azaltzeko lan handia egin du mutrikuarrak. «Denok hanka sartuz ikasi dugu. Nik egindako akatsak beraiek egin ez ditzaten ahalegintzen naiz», esan du. Albotik buruarekin baietz adierazi du Ricardo Vicente Arcek. «Txirrita gabe ezin izango nituen gauza asko egin», nabarmendu du.
Bilbotarra da. Txikitatik zuhaitzetara igota ibili da, baina eskalada tradizionalak ez dio inoiz arretarik piztu. Slackline-a egiten hasi ondoren ezagutu du. Zinta bat lehenengo aldiz ikusi zuen eguna gogoan du. «Etxerantz nindoan eta etxe inguruko parkean lagun bat zinta batekin ikusi nuen. Metro gutxitara zeuden bi zuhaitzen artean lotuta zeukan. Probatzera animatu nintzen, baina ez nuen lortzen zintaren gainean pausorik ematea. Ia arratsalde osoa eman nuen. Aurrera ez, baina azkenean atzeraka pauso batzuk ematea lortu nuen».
Bere kasa hasi zen Ricardo. «Zaletasuna handituz joan zitzaidan. Beti gustatu zait itzulipurdika ibiltzea. Interneten bideoak ikusten nituen, ze material erabiltzen zuten begiratu...», dio.
Trickline-an hasi zen. 1,20ko altueran jartzen da zinta, 16 metro luzeran. «Zinta erabat tenkatu, eta gainean saltoak eta piruetak eginez, ia koreografia bat sortzen dugu». Gero, highline-a etorri zen. «Hasi berritan, nire buruari ‘nora zoaz?’ galdetzen nion. Orain, berriz, zenbat eta altuago orduan eta hobeto. Lehen, altuerari fobia pixka bat nion, eta orain, erakarri egiten nau. Hor goian oso libre sentitzen naiz. Ibiltzen ari naizela, albo batera eta bestera begiratuz joaten naiz».
Probatuz ikasi
Kirol askotan aritu da betidanik. «Monopatinarekin zortzi urtez aritu nintzen. Mundu horrekin oso lotuta egon nintzen», gogoratu du.
Hainbat lesio izan ditu. Beste kirolek ez bezala, slackline-ak lasaitu egiten du. «Ez zen adrenalina gosea bakarrik, kontzentrazio handia eskatzen zidan hasieran», esan du.
Behin eta berriz ekitea. Ez dago besterik. «Probatuz ikasten da. Egun batean etsita goaz etxera, eta hurrengoan, aurrerapausoa ematen dugu». Munduko ordu denak eskaini dizkio slackline-ari. «Zortzi hilabetez lanik gabe egon nintzen eta garai hartan egunean zortzi bat ordu sartzen nituen. Asko gustatzen zait eta gainera ondo moldatzen naizela ikusi dut», esan du.
Highline-a zer zen jakin gabe gurutzatu zuen, lehenengo aldian, altueran jarritako zinta. «Lurrean egiten nuena altueran egin nahi nuen, horixe bakarrik nekien. Mutil kataluniar batek Interneten nire irudiak ikusi eta ‘Zuk ere highline-a egiten al duzu?’ galdetu zidan. Orduan jakin nuen zer zen», azaldu du.
Ez du ahaztu lehenengo esperientzia hura. 25 metroko garaieran zegoen eta zintak 15 metroko luzera zuen. «Emozio denak batera piztu zitzaizkidan. Negar egin nuen, barre, oihu....», dio. Teruelen izan zen, Albarracinen.
Lehen saiakera ustela izan zen, baina ez zuen etsi. «Ahal bezala muntatu nuen, baina lehenengo saiakeran ez nintzen seguru sentitzen. Gau hartan, gurutzatu nuela amestu nuen. Hurrengo egunean, lagunak eskalatzen utzi eta nik bakarrik gurutzatu nuen zinta», gogoratu du.
Internetez ezagututako kideengana Kataluniara joan zenean ikasi zuen muntaketa modu egokian egiten. «Haiekin beste saiakera bat egin nuen. 35 metroko garaieran jarri genuen zinta; 4o metroko luzera zuen. Baina niretzat gehiegizkoa zela ikusi nuen. Azken egunean bai, pauso batzuk egitea lortu nuen. Musika entzunez egin nuen –‘nora doa hau musikarekin?’, zioten besteek–. Hamabi pauso izan ziren, baina kirol honetan izan dudan sentsaziorik onenetakoa izan da».
Pare bat ezusteko izan dituen arren, ez zaio ezer larririk gertatu. Inguruan ez zeukan nori galdetu. «Bilbon ezagutzen nituen bakarrak Joxe Felix [Hormaetxe] eta Txirrita ziren. Baina ez nintzen aholkurik eskatzera ausartu», esan du. Geroago ezagutu zuten elkar.
Aurten, Bilbon lehen aldiz egin den txapelketa begi onez ikusi dute. Jarduera hau ezagutarazteko bidean egokitzat jotzen dute Mundu Film Festival–en barruan antolatutako egitasmoa. «Lehenengo txapelketa 2009-2010. urtean egin zen, Alemanian. Ikustera joatekotan egon nintzen. Maila bereko txapelketa bat hemen ikusi ahal izatea positiboa da. Oso gauza ikusgarriak egiten dituzte», kontatu du Mutrikuko eskalatzaileak.
Han-hemengo antzokietan egiten diren emanaldietan ikus daitezke trickliner-ak. Ricardo bera Cirque du Soleil konpainiaren castingean aukera zezaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Hirugarren gelditu zen.
Ez da damutzen egun batean, Bilboko Casilda Iturrizar parkean, zintaren gainera igo izanaz. «Nire bizimodua da. Nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit», azaldu du bilbotarrak.
Etorkizunaz galdetuta, biak bat datoz: Euskal Herrian ere arrakasta izango du. «Hiru edo lau aldiz biderkatuko da kopurua. Hasiberritan behar den materiala merkea da, batetik, eta bestetik, baldintza fisiko berezirik ez da behar. Gainera, edozein parketan egin dezakegu. Eta bizikletan ibiltzea bezala da, behin ikasita ez da ahazten. Hemen, skate, eskalada, roller eta surferako afizio handia dago. Eta slackline-a mundu horietan guztietan integratu daiteke», iragarri du Txirritak.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
