NAIZ.INFO
BILBO

Manchester Unitedek Ander Herrera fitxatu du, lau denboralditarako

Ander Herrerak Manchester United taldean jokatuko du datozen lau denboraldietarako. Jokalari bilbotarrak Athleticekin zuen kontratua eteteko 36 milioi euroko klausula ordaindua duela jakinarazi du talde zurigorriak.

Ander Herrerak etete klausulako 36 milioi euroak ordaindu dituela publiko egin eta gutxira iragarri du talde britainiarrak jokalariaren fitxaketa.

Athleticek iragarri du etete klausula ordaindu duela jokalariak, goizean Manchesterren eskaintzei uko egin diela jakinarazi ondoren.

«Ekainaren 26an, ostegunean, Futboleko Liga Profesionalak Athletic Clubi egiaztatu dio Ander Herrera Aguera jokalariak Athletic Clubekiko lotzen duen aldebakarreko kontratu deuseztapena gauzatzeko gaur egungo arautegiak eskatzen dituen betebeharrak bete dituela. Egiaztapenaren arabera, jokalaria 2011ko uztailaren 11tik klubarekiko lotzen zuen kontratuzko harremana alde bateko ekimenez amaitzeko borondatea azaldu du, horretarako haren kontratuan ezarritako diru kopurua ipiniz», dio Athleticen oharrak.

Halaber, Bilbon egin dituen hiru denboraldietan jokalariak agertu duen ardura eskertu du talde zurigorriak, eta etorkizuneko kirol proiektuetan zorterik onena opa dio.

Jokalariak hartu duen erabakiaren harira, Josu Urrutia presidenteak hasierako balorazioa egin du taldearen izenean. Horrela, Athleticek bere proiekturako «kluba beren lehen kirol jomugatzat hartzen duten jokalariak» nahi dituela nabarmendu du, eta Herrerak harturiko erabakia ez datorrela horrekin bat eta, alde horretatik, «etsipena» azaldu du.

Halaber, Urrutiak gogorarazi du Ander Herrerak talde zurigorritik alde egiteko ezagunak ziren bi baldintzak bete dituela, hau da, alde egin nahia eta kontratuan zegokion etete klausula ordaintzea. «Ez da une atsegina, baina horrek ez du ezertan aldatzen gure filosofia eta gure klubaren lan egiteko era. Lantalde handi bat daukagu eta bertan jokalari lehiakorrak daude. Indar berberarekin segituko dugu aurrerantz», ziurtatu du.

Bukatzeko, datorren astean, oraindik zehazteke dauden data eta orduan, Josu Urrutia presidenteak prentsaurrekoa eskainiko duela jakinarazi du talde zurigorriak.