@Nagore belastegi
Madril

Presoen senideek abokatuei ordaintzen dietela argi utzi dute Auzitegi Nazionalean

Abokatuen kontrako auzian ikerketak egiten ari dira eta horren baitan 14 presoren senideak deklaratzen izan dira Auzitegi Nazionalean. Abokatuek egindako lanaren inguruan eta horiek nola ordaintzen dituzten jakin nahi zuten.

Jone Goirizelaia eta hainbat senide, atzo Madrilen. (J.DANAE/ARGAZKI PRESS)
Jone Goirizelaia eta hainbat senide, atzo Madrilen. (J.DANAE/ARGAZKI PRESS)

Madrilera deklaratzera joan diren presoen senidei egindako galderek abokatuen lan juridiko-teknikoarekin harremana izan dutela argitu dio NAIZi Jone Goirizelaia abokatuak. Izan ere, Guardia Zibilek uste dute abokatuen zerbitzuak diru beltzarekin ordaindu direla eta «senideak eta abokatuak diru beltz hori garbitzeko erabiltzen direla». Horregatik, dirua zuritzeko delitua egozten die Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak.

«Abokatuen lana kriminalizatzeko nahian zabaldutako prozeduran fronte desberdinak ukitzen ari dira eta orain senideei tokatu zaie», salatu du Goirizelaiak. Hala ere, bere ustez «gaizki atera zaie» senideek azalpen «garbiak eta argiak» eman dituztelako. Hala, jakin nahi zuten zergatik joaten diren abokatuengana eta nork esan dien haiengana jotzeko, eta senideek erantzun dute espetxean dituzten senitartekoek eskatuta joaten direla, haiek dituzten auziak konpontzera.

Bestalde, Etxeratek egiten duen lanarekin nolabaiteko konexioa egiten saiatu dira galdetuz ea gastuei aurre egiteko erakunde edo elkarte batetik dirua hartzen duten. «Argi gelditu da hori ez dela egia. Denek azaldu dute bakoitzak bere diruarekin zein lagunen laguntzarekin ordaintzen duela eta ordainketak abokatu guztiei bezala egiten zaizkiela, hau da, faktura bidali eta ordainduz», adierazi du Goirizelaiak.