Jon Ormazabal
IRUÑEA

Jokin Altunak txapelketan sartu du Abel Barriola (12-22)

Arerio zuzenen aurka lortutakoa izanda, garrantzi handiko puntua eskuratu dute Jokin Altunak eta Abel Barriolak, Bengoetxea VI-Larunberi 12-22 irabazi ostean.

Jokin Altunak beste erakustaldi bat eman du. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Jokin Altunak beste erakustaldi bat eman du. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Belauneko lesiotik osatuta, txapelketara itzuli denetik jokatutako bi partidak irabazi dituzte Aspekoek eta finalerdietara sailkatzeko partidak ez dirudi, inolaz ere, ezinezkoa hiru punturekin.

Beste behin, Jokin Altunaren magiak aldatu du hasiera batean oso aldapan gora jarri zaien partidaren norabidea. Hasiera elektriko bati esker, Asegarceko bikotea 8-2 aurreratu da. Bote askoko pilota batekin, Larunbek erabat dominatu du Barriola eta Bengoetxeak ez ditu izandako aukerak alperrik galdu.

Hala ere, Jokin Altuna jokoan sartu, azpitik gehiago ibiltzen zen pilota bat kantxaratu eta goitik behera aldatu da ordura arteko partidaren logika. Amezketako aurrelariak erasora pasatzeko aukera gehiago izan ditu eta aurreko koadroetan sekulako erakustaldia emanez, orotara 14 tanto egin ditu,  –horietako lau atzean–, ia geldialdirik egin gabe joan dira 22. kartoira.