NAIZ

AEK-k euskara praktikatzeko topeketa birtuala antolatu du igande honetarako

Ekitaldian parte hartzeko izen ematea ostegunean amaituko da eta dagoeneko Montevideo, Mosku, Mexiko Hiria edo Alacanteko zenbait lagunek topake berritzaile honetan parte hartzeko borondatea erakutsi dute

Ekimenaren iragarkia. (AEK)
Ekimenaren iragarkia. (AEK)

Alarma egoerak euskaraz ikasten ari direnak mintzapraktikarik gabe utz ez ditzan, AEK-ko Praktikatu zerbitzuak «Euskara praktikatzeko Euskal Herriko Topaketa Birtuala» antolatuko du igande honetan, maiatzaren 3an, eta herri askotako berbalagunak, mintzalagunak, mintzakideak eta ikasleak bildu nahi ditu ekimen berritzaile honetan.

Ekimenaren antolakuntzak jakinarazi duenez, topaketa igandean izango da, 13.00etan, eta izena emateko azken eguna osteguna izango da, apirilaren 30a. Izen-ematea esteka honetan egin daiteke. Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundek bere twiteerean jakitera eman duenez, dagoeneko Montevideo, Mosku, Mexiko Hiria, Alacant edo Terrassako zenbait lagunek izena eman dute eta giro ona espero da igande eguerdirako.

Topaketari berari dagokionez, AEK-k «zibergelak» antolatuko ditu Jitsi aplikazioaren –bideokonferentziak egiteko tresna bat– bitartez eta izena eman duen parte hartzaile bakoitzak larunbatean jasoko du, izena ematerakoan adierazitako posta elektronikoan, dagokion gelaren helbidea, igandean bertan sakatu eta ekimenean parte hartu ahal izateko. Topaketa birtual hau denontzat erosoagoa izan dadin, erabiltzaile bakoitzak aurikularrak eta mikrofonoa izatea komeni dela adierazi dute antolatzaileek.