Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Ondarroa eta Zierbenako ontziak gailendu dira Zorrotzaurreko Irlaren lehen itzulian

Emakumezkoetan Ondarroako trainerua nagusitu da Zorrotzaurreko Irlaren lehenengo itzulian, bigarren Deustu A izan da eta hirugarren Isuntza. Gizonezkoetan Zierbena gailendu da helmugara Santurtzi baino segundu bat lehenago iritsita.

Zierbenako trainerua Bilboko X. bandera estropadan ziaboga hartzen. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Zierbenako trainerua Bilboko X. bandera estropadan ziaboga hartzen. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ontzi bizkaitarren arteko lehia ikusgarria izan zitekeela aipatzen zen Zorrotzaurreko Irlaren lehenengo itzuliaren atarikoan; azken finean, ontzi bizkaitarrek soilik parte-hartu baitute, Hibaikak huts egin ostean. Gainera, gizonezkoen kasuan lehen-mailako traineruen parte-hartzeak osagai erakargarria eman dio Zorrotzaurreko Irlaren Itzuliaren lehendabiziko banderari. Eguraldi desatseginak errekako ura harrotu du eta ikuskizunari beste balio bat eman dio.

Emakumezkoetan Euskotren Ligako traineruek parte-hartu ez badute ere, Ondarroak eta Lekeitiok ikuskizuna eskaini dute azkeneko paladetan, nahiz eta desbora kontuetan ondarroarrek soberan irabazi duten. Lehen ziabogan azkarrenak izan dira (16 minutu justu-justu), Deustuko A trainerua gertutik izan dutela (16.09). Isuntza hirugarren sartu da lehen ziabogara eta etorrerako estropadan minutuak murrizten joan diren arren ezin izan duta Deustu A baino Debora murritzagoa egin. Azkenik, Deustu B ontzia helmugaratu da. 

Emakumezkoek 4.600 metroko luzea egin badute, gizonezkoek 6.060 metro egin dituzte, lehen ziaboga Bilboko Euskalduna Zubian hartuta. Hor azkarrena santutziarrak izan dira (14.52) bermeotarrei segundu bat janda. Itzuleran, baina, Zierbenak murriztu ditu denborak (lehen ziabogan hirugarren sartu da) eta 22 minutu eta 18 segundorekin helmugara iristen azkarrena izan da, Santurtziren ontzia baino segundo bat azkarrago, alegia. Ondarroako ontzia izan da hirugarren sailkatua.

Zierbenako traineruak denboraldi-aurreko bigarren bandera erdietsi du. Aurrenekoa, Legution jokatu zen distantzia luzeko Euskadiko txapelketan eskuratu baitzuen.