Ikastolak konstituzionalak dira berriz, Konstituzioa aldatu behar da hala ere?

Parisen dagoen Kontseilu Konstituzionala. (NAIZ)
Parisen dagoen Kontseilu Konstituzionala. (NAIZ)

Emmanuel Macronen gobernua, Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen kontrako borrokan, egoeraren arabera, eta azpijokoan, aurrera eta atzera dabilela dirudi. Horren erakusle da, aste honetan Kontseilu Konstituzionalak atera duen ohar ofiziala. Epaitegiak maiatzan eman zuen deliberoan murgiltze eredua antikonstituzionala zela esan bazuen, ekainaren 16 honetan esandakoaren arabera, eredu horretan ari diren ikastolek Konstituzioarekin bat egiten dute berriz; aldiz, eskola publikoek, ez.

Estatu frantsesean hizkuntza gutxituek (euskarak, bretoierak, okzitanierak…) duten ziurgabetasun juridikoaren oinarrian Konstituzioaren bigarren artikulua dago, bertan zehazten baita frantsesa dela Errepublikako hizkuntza. Non gelditzen dira besteak, orduan? Etengabeko arriskuan eta borrokatzeko beharrean. Ondare gisara aitortuak izan dira, baina askotan museo batean ikusteko besterik ez du balio ondareak. Dirudienez, hori da Parisen duten asmoa, folkloretik harago doan edozein erabilpenen kontra egitea.

Orain arte, hizkuntza gutxituen defendatzaileekin borrokan Macron ez da sartu, lan hori bere Hezkuntza ministroari utzi dio, Jean-Michel Blanquerri, eta honek ez du inolako arazorik izan azpijokotan aritzeko.

Aldiz, Kontseilu Konstituzionalaren lehen erabakiak bazterrak sutan jarri eta gero, salbatzaile gisara agertu da presidentea taula gainean, ikastolek eta parekoek egiten duten lana laudatuz. Bere lehen ministro Jean Castex ere bidali du bi parlamentarik osatutako lantalde bat osa dezan, egoera aztertu eta konponbideak bila ditzaten. Baina argi gelditu denez, mezu horietan eskola pribatuez ari zen, ez publikoez.

Murgiltze eredu guztiak Konstituzioaren aurkakotzat jotzerainoko bidea, Paul Molac diputatu bretoiak 2020ko otsailean Estatuko hizkuntza gutxituen babesteko eta promozionatzeko lege proposamena Asanblea Nazionalean aurkeztu zenean abiatu zen. Horren bitartez legeztatzen zenaren parte bat, jakobinoek duten ‘ondare’ kontzeptu horretatik urrun gelditzen zen, bereziki artikulu nagusiek hezkuntzaren bitartez hizkuntzak hedatzea zutelako xede.

Blanquerrek ahal zuen guztia egin zuen, legea hezkuntzari dagozkion artikulurik gabe pasa zedin. Hori lortu ez zuenean amore eman zuela zirudien, eta bere diputatuei alde bozkatzeko deia egin zien. Aldiz, azpijokoetan beste urrats bat besterik ez zen izan. Kontseilu Konstituzionalera eraman zuen legea, baina ez zuen Gobernuak helegitea ezartzeko duen eskubidea baliatuz egin; horren ordez, bere 61 diputatu jarri zituen lan horretan, eta geroztik horietako batzuk hori egin zezaten engainatu zituztela esan dute.   

Konstituzionalaren lehen erabakiaren ondorengoko Macronen hitzek, hala ere, ez zituzten sutan zeuden bazter guztiak baretu, eta aste honetan, 140 parlamentarik Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea eskatzen duen gutun irekia igorri diote, horien artean Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten guztiek. Eta orain, bigarren aldiz, Konstituzionalaren ohar horren bitartez gauzak baretzera etorri dela dirudi, botere banaketa dela eta, ezin zaio Presidenteari aitortu erabaki hori, baina Kontseiluak argitaratu duen oharra, justu behar zen momentuan, eta berak publikoki emandako mezuarekin bat egiten du.

Ohar ofizial honen ondoren ere, Konstituzioa aldatzeko beharraren inguruan zalantzarik ez dugu euskaldunon gehiengoak, eta pentsa daiteke Ipar Euskal Herriko hautetsi anitz ere iritzi berekoak direla. Erabakiak ez die murgiltze ereduan ari direnei ziurgabetasun juridikoa kentzen, eta behin eta berriz errepikatu den bezala ‘Euskarak murgiltzea behar duelako’, izan pribatuan zein publikoan.

Baina egoera berri honetan, agiria sinatu zuten parlamentari denek, eta hizkuntzen alde borrokatu diren guztiek, iritzi hori partekatuko duten ikusteke dago, murgiltzea sare publikoan gai korapilatsua baita Estatu frantsesean. Konstituzioa aldatzea zaila da gaur egun, ezinezkoa esango nuke, baina hizkuntzen defendatzaileok eramaten dugun borroka horren baitan, Gobernuak egiten dituen joan-etorrien bitartez gauza batzuk aitzinatu daitezke beharbada, eta maila bateko babesa lortu. Argi dagoena da Paristik ez zaigula ezer oparituko, eta euskara babestu nahi dugunok, orain arte bezala, borrokan jarraitu beharko dugula, gure hizkuntza eta bere eskubideak defendatzeko.