Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Teddy Riner judoka frantsesak ezin izan ditu berdindu Tadahiro Nomuraren hiru urreak

Tadahiro Nomura japoniar judoka Olinpiar Jokoen historian sartu zen Atenasen hirugarren urrezko domina erreskadan irabazi ostean. 1996an Atlantan irabazi zuen lehenengoa eta bigarrena 2000an Sidneyren. Teddy Riner frantsesak aukera zeukan marka berdintzeko baina azkenean brontzea irabazi du. 

Teddy Riner, Tamerlav Bashaev errusiarraren aurkako lehian. (Franck FIFE/AFP)
Teddy Riner, Tamerlav Bashaev errusiarraren aurkako lehian. (Franck FIFE/AFP)

Olinpiar Jokoetako edizio ezberdinetan hiru dominarekin egitea zaila baldin bada –bestela galdetuiozue Maialen Chourrauti–, zer esanik ez hiru urrezko domina erreskadan lortzea. Kirolari gutxi batzuk lortu dute eta Judoan, esaterako, bakarrak lortu du aipatu balentria: Tadahiro Nomura japoniarrak. 

Tokioko Jokoetan marka hori hausteko aukera zeukan Teddy Riner judoka frantsesak baina azkenean ezin izan du Nomura gorenetik kendu. Final-laurdenetan kanporatua izan da Riner, eta beraz, bi urrezmo domina erreskadan irabazi izanarekin konformatu beharko da. Londresen irabazi zuen lehenengoa eta Rion, bigarrena. 2008an, Pekinen, aldiz, brontzezko domina lortu zuen. 

Munduko rankingean lehena den Tamerlav Bashaev Errusiako talde olinpikoko judokak kendu dio marka historikoa berdintzeko aukera. Riner, oso penatuta, hitz bakar bat esan gabe erretiratu da tatamitik. 

Penatuta, hitzik gabe

Bere entrenatzaile Laurent Callejak egin dituen adierazpenetan azaldu du «duela sei hilabete Dohako Mastersean irabazi zionean erraza izan zen eta oraingoan ere taktika berdina» zeukatela «Kumikatan indartsuak izan, penaltiak behartu eta noizean behin erasoak jo. Lehia aurreikusita moduan zihoan, aurkariak bi penalti zituen baina Golden Score-a dagoen momentuan, akats bakar bat egin eta kalean zaude». 

Judoka frantsesak hamar urte eman zituen porrotik gabe (2007tik 2017ra) eta Munduko txapelketak errenkadan irabazten. Hamar Munduko txapelketa irabazi dituen judoka bakarra da. 

Rinerrek, azkenean, brontzezko domina irabazi du Budokanen jokatu den bigarren aukeran aurrera egin ostean eta hala, laugarren olinpiar domina eskuratu du erreskadan. Nolanahi ere, argi adierazi du bere entrenatzaileak ez direla Tokiora joan brontzezko domina irabazteko, «urrearen bila etorri ginen». «Baina ez daukagu beste aukerarik eta beraz, domina bat kolkoratuta nahi dugu hartu etxerako bidea», gehitu du. Azkenean, penak arintzeko bada ere, lortu dute. 

Tokion lehiatu aurretik Rinerrek zioen –Olympics.com webguneari emandako elkarrizketa batean– adierazi zuen Nomura berarekin asko hitz egiten zuela berdindu zezakeen errekorraz baina ez zela «lehentasuna». Bere lehentasuna «urrea irabaztea» zen eta lortuz gero, «denbora hartuko nuke Nomura ikusteko eta marka honek niretzat zenbat suposatzen duen helarazteko».