NAIZ

Bera Bera obsesiorik gabe lehiatuko da Valcearen aurka sei gol irauli ahal izateko

European Leagueko multzo fasean sartu ahal izateko partida garrantzitsua du larunbat honetan talde donostiarrak. Kanporaketa gainditzeko, sei gol irauli behar ditu, joanekoan errenta horrekin galdu ostean. Zubileta Evolution Zuazok, bestalde, San Quirzeri bisita egingo dio Ligan.

Bera Berak eta Zuazok erronka ezberdinak dituzte larunbat honetan; lehenengoak Europan eta bigarrenak Ligan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bera Berak eta Zuazok erronka ezberdinak dituzte larunbat honetan; lehenengoak Europan eta bigarrenak Ligan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Talde guztiek helburuak finkatzen dituzte denboraldia hasi aurretik. Super Amara Bera Beraren erronkak txapelketa guztietan lehiatzearena izan daitezke. Ligan lidertzan sendo dabil, Kopari itxoiten dabilen bitartean. Eta kontinente mailan, European Leagueko multzo fasean egotea ipini zuten helburutzat klubeko ordezkariek zein teknikariek.

Aukera bikaina dute kontinente mailako txapelketan egoteko, baina larunbat honetan Ramnicu Valcea talde errumaniarraren aurka (Gasca, 16.00) ez die bakarrik garaipenak balio. Izan ere, joaneko partidan sei golengatik galdu zuten gipuzkoarrek (34-28), gehienbat bigarren zatian jasotako 9-0eko partzial baten ondorioz. Hala ere, jakinda zaila izango dela, kanporaketari buelta ematea izango dute helburu.

Imanol Alvarez entrenatzaileak argi du bere jokalariak ez direla sei goleko errenta horrekin obsesionatu behar. «Erronka zaila da. Balentria bat izan daiteke eta edonori gustatzen zaio mota honetako balentrietan parte hartzea. Sei goleko errenta horrekin ez gara asko obsesionatu behar», adierazi du ermuarrak partidaren atarikoan.

Gogoratu behar da Bera Berari sei goleko errentarekin irabaztea balio diola, beti ere aurkaria ez bada 28 golera iristen. Errumaniarrek zifra hau gainditzen badute, donostiarrek zazpi goleko errentarekin irabazi beharko lukete.

Gipuzkoarrek lehen zati oso ona egin zuten Errumanian, momentu batzuetan aurkariaren gainetik pasaz. Baina egoera erabat aldatu zen bigarren zatian. Horregatik, Imanol Alvarezek aitortu du bere jokalariak «minduta» daudela. «Bigarren zatian 9-0ko partzial batekin galtzea ez dela normala badakite. Gauzak gaizki egin genituela badakite eta horregatik, gauzak pixka bat hobetzen baditugu partida irabazteko aukerak izango ditugu», azpimarratu du.

Alvarezek garrantzitsu ikusten du bigarren zatian «bizpahiru» goleko errentarekin aritzea, horrelaxe «edozer gauza gerta baitaiteke», adierazi du.

«Hemen gaude merezi dugulako. Jokalariek lan bikaina egin dute honaino iristeko eta orain erronka handiagoa dugu», adierazi du Imanol Alvarezek.

Erronka handi horretan zaleak alde izango dituzte, Gasca ahal den heinean betetzea espero baita. «Jendeari etortzea animatzen diet. Egun polita eta historikoa izan daiteke», azpimarratu du. Gainera, Maddi Aallaz aparte –lesionaturik jarraitzen du–, talde osoa du prest ermuarrak.

Zuazo, «erokeriarik gabe»

Bestalde, Zubileta Evolution Zuazok Ligako partida du larunbat honetan Sant Quirzeren etxean (18.00). Mundiala hasi baino lehen jokatuko den azken jardunaldia izango da eta zapore onarekin joan nahi dute ‘atsedenaldira’, tarte horretan lesionaturi dauden ahalik eta jokalari gehien berreskuratzeko.

Azken partidan Rocasaren aurka lortutako berdinketa bikainari segida eman nahi diote bizkaitarrek. «Aste gogorrak igaro ostean iristen gara partida honetara, Ligako liderra eta bigarren sailkatuaren kontra jokatu baitugu. Eta orain arreta osoa jarri behar diogu Sant Quirzeri. Nahiz eta lesio ugari izan, taldea oso ondo portatzen ari da parrtiden amaiera arte. Azpimarratu beharrekoa da hau», adierazi du Joseba Rodriguez “Haito” Zuazoko entrenatzaileak atarikoan.

Aurkariaz ere mintzo da. Izan ere, «asko du jokoan, eta gainera etxean jokatzen du. Galduz gero, sailkapenean beherantz egingo luke eta kategoriari eutsi nahi badiote permanentziagatik borrokatuko dugun taldeen aurka ezin dituzte puntuak alde egiten utzi. Oso partida zaila espero dugu asko presionatzen duen zaleen aurrean», azpimarratu du Haitok.

Sant Quirzen jokatzen duen Judith Sans –Bera Berako pbote ohia– eta angolako atezaina azpimarratu ditu Zuazoko entrenatzaileak. «Oso ondo aritu beharko gara erasoan, partidaren norantza galdu gabe. Erokeriarik gabe jokatu behar dugu», amaitu du.