Manex Altuna

Hogei denboraldi Camp Noun irabazi gabe eta burua Mestallan, erronka zaila Athleticentzat

Berenguer zigorturik dago eta Nico Williams min hartuta. Marcelinok, Kopako finalerdiak baldintzaturik, planteamendua moldatu beharko du Bartzelonaren zelaian garaipena lortzen saiatzeko. 2001etik berdinketak bakarrik erdietsi ditu talde zuri-gorriak.

Berenguerrek ezin izango du Bartzelonaren kontra jokatu zigorturik dagoelako.
Berenguerrek ezin izango du Bartzelonaren kontra jokatu zigorturik dagoelako. (Monika DEL VALLE)

Athleticek Camp Nou bisitatuko du igandean eta Kopako finalerdiak jokatuko ditu Valentziaren zelaian hurrengo asteazkenean. Partida erabakigarriak izango dira talde zuri-gorriaren etorkizun hurbilerako. Realaren aurka lortutako garaipenaren ostean, atseden egunak izan dituzte jokalariek eta entrenamenduetara itzuli dira asteazken goizean.

Camp Noura begira hasi dira dagoeneko eta erronka zaila izango dute aurrean. Marcelinok ez du inoiz garaipenik lortu Bartzelonarem zelaian eta Athleticek hogei denboraldi daramatza irabazi gabe. 2001eko azaroan izan zen azken aldia. Ezquerrok egindako gol batekin gainditu zuten talde kataluniarra partidaren azken txanpan. Urzaizek egin zuen beste gola eta, Lacruz kaleratu ondoren, zuri-gorriek hamar jokalarirekin erdietsi zuten garaipena. Heynckes zegoen aulkian. Alemaniarrarekin berdinketa bat ere lortu zuten hurrengo denboraldian (2-2) eta emaitza onak lortu izan zituen Camp Noun. 1994an ere garaipen gogoangarria lortu baitzuen Cruyffen Bartzelonaren kontra (2-3). Valverdek, Zigandak eta Julen Guerrerok egin zituzten gola.

Valverdek hartu zuen alemaniarraren lekukoa Athleticen 2003an eta berdinketa bat lortu zuen zuri-gorriekin Bartzelonara egindako lehen bisitan (1-1). Horren ondoren, Athleticek 14 porrot jaso zituen jarraian ligan jokatutako partidetan. Kopan berriz, berdinketa bat erdietsi zuten 2011an Caparrosekin, nahiz eta gero San Mamesen kanporatuak izan, eta 2015eko abuztuan Superkopa irabazteko balio izan zuen beste bat. Azken hontan ere Valverde zegoen aulkian.

Athleticek Camp Noun lortutako azken emaitza positiboa 2018an izan zen. Berizzo entrenatzailea zelarik bana berdintzea lortu zuten. Valverde zen Bartzelonaren teknikaria sasoi hortan.

Talde kataluniarra berreraikitze prozesu batean murgilduta dago Xavi Hernandezekin. Krisi ekonomiko gogorra sufritzen ari den arren, fitxaketak egin ditu neguan eta ostegunean Europa Leagueko kanporaketa dauka Napoliren aurka. Une aproposa izan daiteke hogei denboraldiko lehortearekin amaitzeko, baina Athletic ere Kopako finalerdiak baldintzaturik iritsiko da.

Iazko adibidea, ohikoak Ligan eta aldaketak Kopan

Athleticek 2 eta 1 galdu zuen Camp Noura egindako azken bisitan. (@AthleticClub)

Marcelinok, behin eta berriro errepikatzen du, partidarik garrantzitsuena hurrengoa dela. Hala ere, Realaren kontrako derbi amaieran Berenguerrek ikusitako txartelak agerian utzi zuen Valentziaren aurkako norgehiagokan pentsatzen ari dela. Nafarrak ezin izango du Camp Nou jokatu eta bere hutsunea hamaikakoan ziurrenik Oier Zarragak beteko du. Nico Williamsek min hartuta jarraitzen du eta taldeari sendotasuna eman nahi izaten dionean Mungiako erdilaria eskuin hegalean zelairatu izan du.

Entrenatzaile asturiarra hainbat aldiz kexatu da igandeko partidatik hurrengo asteazkenean jokatu behar den finalerdira tarte txikiegia dagoela jokalariak berreskuratzeko. Esfortzuak ondo kudeatzen asmatzea izango da gakoetako bat.

Iaz antzeko egoera bat bizi izan zuen Camp Noun jokatu ostean, Betisen kontra neurtu baitzituzten indarrak Kopako final laurdenetan eta beste motatako apustua egin zuen. Marcelinok ohiko jokalariak zelairatu zituen Bartzelonaren aurka. Superkopa irabazitako hamaikako berbera izan zen aldaketa batekin. Yuri sartu zen Balenziagaren ordez. Unai Simon izan zen atezaina eta defentsan Capa, Yeray, Iñigo Martinez eta Yuri atera ziren hasieratik. Zelai erdian berriz, De Marcos, Dani Garcia, Vencedor eta Muniain eta goian Raul Garcia eta Williams. Taldea azken unerarte lehiatzen egon zen, baina 2 eta 1 galdu zuten.

Betisen aurka lau aldaketa egin zituen hamaikakoan Sevillan jokaturiko partidan. Horietako bat derrigorrezkoa izan zen. Muniain lesionatu egin eta Berenguer zelairatu zuen ezkerrean. Aldi berean, Lekue aritu zen defentsaren eskuin hegalean, Vesga zelai erdian sartu zen Vencedorren ordez eta Villalibre aurrean Williamsen lekuan. Kanporaketa bana amaitu zen, azken unean Raul Garciak egindako golari esker. Luzapenean ez zen markagailua mugitu eta penaltietan lortu zuen finalerdietarako txartela Athleticek.

Oraingoan aldiz, Bartzelonaren aurkakoan aldaketak egongo direla aurreikus daiteke. Berenguer atseden hartzera bultzatzean, badirudi Mestallan ohikoagoak diren jokalariak ahalik eta freskoen egotea dela helburua. Batez ere, erasoko jokalariak. Ikusiko da Villalibre edo Nico Serrano bezalakoek Camp Noun hasieratik aritzeko aukerarik izaten duten. Serranok 19 urtez azpiko espainiako selekzioarekin jokatu du gaur goizean Noruegaren kontra eta Basconiako atezaina den Alex Padillak ere parte hartu du. 2 eta 0 irabazi dute.

Nico Williams Valentziarako prest?

Nico Williams joan den astean Lezaman bakarrik entrenatzen. (@AthleticClub)

Partida itxia espero da Mestallan eta giroa bero dago joaneko partidatik. Athleticen kexu agertu ziren Valentziak San Mamesen galdutako denborarekin eta Bordalasen taldeak penalti bat eskatu zuen. Ordutegien inguruan izandako ika-mikak ere zeresana eman du. Partida ordu erdi beranduago hasiko dela martxoaren 2an iragarri berri du Espainiako Futbol Federazioak. Datorren asteazken gaueko 21.30etatik aurrera jokatuko da. Azken eztabaida zelaiaren edukieraren inguruan dabil. Martxoaren 4tik aurrera ez da egongo inolako mugarik eta Valentziak bere erkidegoko gobernuari eskatu dio finalerdietarako aurreratzea.

Bestalde, talde zuri-gorrian Nico Williamsen zain jarraitzen dute. Aurrekoa astean bezala, Athleticek jokalaria Lezaman bakarrik entrenatzen ikusten den irudiak zabaldu ditu sare sozialetan eta ahalik eta azkarren bueltan egotea espero da. Zaila dirudi Camp Noura prest egotea, baina baliteke Mestallan jokatu ahal izatea. Williams txikia maila bikaina ematen ari zen Real Madrilen kontrako kanporaketan min hartu aurretik eta beste final batetara sailkatzeko bere abiadura eta abilezia erabakigarria izan daiteke. Lortuz gero, hamaikagarren finala izango litzateke Athleticentzat 2009tik. Belaunaldi batek 24 urte itxaron behar izan zituen final batera iristeko, 1985tik lortu gabe egon baitzen talde zuri-gorria. Orain berriz, bosgarrena izango litzateke urte bakar batean Marcelinorekin.