Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Aulesti, euskarazko arte eszenikoen irla txikia

Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagune bihurtuko da beste urte batez Aulestia. Eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatu asmoz sortu zen laborategia hamazazpigarren urtez egingo da Artedrama arte eszenikoen plataformaren eskutik.

Aurreko edizioetako tailer baten irudia.
Aurreko edizioetako tailer baten irudia. (Ainhoa RESANO)

Aktoreek, zuzendariek, antzerkigileek zein antzerkizaleek bihartik apirilaren 23ra bitartean dute hitzordua. Bi habe nagusi ditu egitasmoak, formakuntza eta eszenaratzea. Aulestiko frontoian eskainiko diren emanaldiak irakasle lanetan arituko diren aktoreen eta euren taldekideen esku izango dira kasu batzuetan.

Ander Lipus, Edurne Azkarate, Eneko Gil, Laura Penagos, Jon Ander Urresti eta Ainhoa Artetxe zain izango dituzte laborategian parte hartzera animatu direnek.

Egunero kide bat arduratuko da tailerraz. «Hamalau ikasle etorriko dira egunean zortzi orduko ikastaroak jasotzera. Sei egun oso intentsoak izaten dira», kontatu du Ander Lipus laborategiaren sustatzaileak eta Artedrama taldeko kideak.

Irakasle bakoitza nor beretik arituko da. «Bakoitzak bere mundua ekartzen du, antzerkiaz duen ikuspegiaren, ikasketen eta antzerkiaren alorrean izandako esperientziaren araberakoa. Oso desberdinak dira, esaterako, Laura Penagos, Bogotako Teatro Libren ikasi duena, Ainhoa Artetxe, Madrilgo Estudio Corazan aritu dena edo Eneko Gil, dantza mundutik datorrena. Teknikak ezberdinak dira. Ikasleek artista ezagutuko dute eta berak dakarrenaz gozatu. Horrek ematen dio kolorea, irakasle bakoitzaren ekarpenak, bere bizipen pertsonalak eta berak antzerkia edo dantza ikusteko duen ikuspuntu partikularrak».

Parte hartzaileen profilaz galdetuta, «Euskal Herri osotik datoz, batzuk profesionalak dira, ikasketak eginak dituztenak, baina teknika berriak edo irakasle berriekin lan egin nahi dutenak. Eta besteak amateurrak, antzerki zaletasunaren esparruan mugitzen direnak. Lan egiteko, antzerkira hurbiltzeko eta ikasteko gogoa eskatzen dugu», esan du.

Amaigabeko ikasketa: «Ez da ahaztu behar etengabe ari garela ikasten gure ofizioa eta noizean behin birziklatzea eta beste teknikak ezagutzea interesgarria dela», nabarmendu du.

Pozik ageri da egindako bidearekin: «Matrikulazio epea ireki genuen egunean bertan jende piloak eman zuen izena, beraz, aktoreek badute Aulestira etortzeko joera».

Antzerki profesionala zein amateurra, biak uztartu nahi ditu ADEL laborategiak. Horrekin batera lurraldetasuna eta euskara ditu ardatz ekimenak.

Irla

Lipusek eta taldekideek, beste behin, Aulesti aukeratu dute ADEL egitasmorako. «Irla txikia da euskarazko antzerkian eta topagune interesgarria. Hainbat antzezlan ikusteko aukera izaten dugu. Antzerkigintzan dabiltzan beste kideak ezagutzeko topagune benetan interesgarria bilakatu da azken urteotan. Beste espazio eta leku batzuk ere badaude, eta Aulesti horietako bat da», azaldu du.

Ekimenak laborategiaren forma hartu zuenean asmoetako bat zen euskarazko testuak argitara ematea eta, Lipusen esaten, «gutxi falta da eta hori ere iritsiko da». Izan ere, formakuntzaren alorrean faltan du euskarazko materiala teknikaren edo antzerkigintzaren inguruan. «Munduko antzerki maisuen testuak euskarara ekartzea, hiztegia sortzea... esaterako. Badira ekimenak, EHAZE eta Susa argitaletxearen ‘Ganbeila’ bilduma, esaterako. Horrek aberastu egiten du gure lanbidea. Tailerretako ikasgaiak liburuxka batean biltzea ere interesgarria litzateke, baina gu ez gara iritsi hori betetzera. Etorriko dira beste belaunaldiak, hala espero dut».

Plaza, irekiagoa

Hamazazpi urte joan dira lehen pausuak eman zituztenetik. «Euskaraz eta euskaratik lan egiteko aukera ematen digu, guretzat ezinbestekoa dena. Euskarazko antzerkiak behar du formakuntza gero euskarazko antzerkia egin nahi badugu».

Lipusek bertatik bertara ikusi du ia bi hamarkada hauetan euskarazko antzerkigintzak izan duen bilakaera. «Laborategiarekin hasi ginenean formatu txiki eta ertaineko euskarazko lanak gutxiago ziren. Eta orain aukeratu egin behar izaten dugu zein lan ekarri. Plaza asko ireki da eta antzerki talde berri asko ari dira sortzen. Orain emanaldi denak frontoian dira eta horrek erakusten du badagoela zaletasuna eta Aulestik egin duela lekua antzerkigintzan. Jende piloa dator antzezlanak ikustera».

Kopuruaren eskutik kalitatea etorri da? «Antzerkia egiteko manera klasikoagoa zen lehen eta guk askotariko formatuak ekarri ditugu Aulestira, hain modu ezberdinak daude istorioak kontatzeko... Eta horrek aberastu egiten du antzerkigintza».

Irakasleei dagokionez, berriz, egindako saretze lana nabarmendu du. «Irakasle asko pasa dira, euskaraz lan egiteko badago jendea prest. Horrelako topaguneak ez bagenitu ireki nor bere etxean ala antzerki taldeetan geratuko zen; saretzea lortu dugu», egin du hausnarketa.

Emanaldiak

Antzerki emanaldien egitarauari Jon Ander Urrestik emango dio hasiera apirilaren 18an ‘Tribiz, baserri galdue’ lanarekin. Hurrengo egunean Aldatzen Laguntzen antzeki taldeak ‘Birritan bortxatua’ obra eskainiko du. Eta hilaren 20an Khea Ziater konpainiaren txanda izango da ‘Winona & Grace’ lanarekin. Ainhoa Artetxe arituko da aktore bezala bertan.

Apirilaren 21ean ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlana ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Hurrengo egunean Formol taldearen –Edurne Azkarate tartean– ‘Album’ lana iragarri dute. Eta egitarauari amaiera emanez, ATX Teatroak ‘Lubaki lainotsua’ eskainiko du. Saio guztiak 21.30ean dira.