Markel Agirregabiria

Auzolanak motor izaten jarraitzen du XXI. mendeko Euskal Herrian

Batzuetan urteetan ureztatutako ekimen gisa eta beste batzuetan uneko beharretik sortuta, auzolana oraindik ere motor da auzo eta herri askotan. Bakaiku, Hatortxu Rock, Arrotxapeko uholdea... hamaika proiekturen arima izan da auzolana, baita herritarren arteko loturak sendotzeko tresna ere.

Iaz, Arrotxapean ura jaisten hasitakoan, auzolana Whatsapp bidez antolatzen hasi ziren bizilagunen artean.
Iaz, Arrotxapean ura jaisten hasitakoan, auzolana Whatsapp bidez antolatzen hasi ziren bizilagunen artean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egitea. Errepikatzearen poderioz galbidean dagoela iruditu arren, errealitateak beste zerbait erakusten digu. Euskal Herrian oso sustraitua dago auzolana oraindik ere XXI. mendean. Batez ere landa eremuan, baina ez bakarrik bertan. Inolako ordainik jaso gabe aritzen dira herritarrak. Ez behintzat diru ordainetan. Ordaina, auzo eta herrientzako mesedea da, baina herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak ere indartzen ditu.

Gizarte indibidualista bateranzko joera nabarmena da azken hamarkadotan. Pandemiak ere ez du lagundu hori aldatzen. Baina, hala ere, oraindik ere badira auzolanean egiten diren ekimen ugari. Izan herria behar bezala mantentzeko, izan behar konkretu bati aurre egiteko, izan jai egun bat antolatzeko, izan hondamendi bati aurre egiteko...

Baina, zer da auzolana? Galdera horri erantzuna bilatu diote Bakaikuko herritarrek. 2018an parte hartze prozesu bat abiatu zuten, herriarentzako plan estrategiko bat diseinatu asmoz. 90 lagunek hartu zuten parte eta lehentasun nagusi gisa atera zen «XXI. mendeko auzolana» abian jartzea. «Helduek ezagutzen zuten auzolana antzinakoa zen, landa eremuari lotua, maskulinitateari lotuta zentzu batean», azaldu dio NAIZi Lander Urrizak, prozesu hori bultzatu zuen herritarretako bat.

Nafarroako beste herri batzuetan zeuden ereduak ikertu zituzten eta ideia nagusi batzuk atera. «Ahalik eta eredu malguena, horizontalena bilatu genuen. Herritarren ekimena izatea», azaldu du. Herritarren izen ematea behartutakoa ez izatea bilatzen da, boluntarioa baizik, eta herritarrek beraiek ere proposatzea egin daitezkeen edo egin behar diren lanak. Horretarako, Bakaikuko Udalaren webgunean auzolanetan izena emateko eta auzolanean egin beharreko lanak proposatzeko aukera eskaintzen dute. Bakaikuko bizilagunek auzolan ereduaren proposamena berretsi zuten 2019ko uztailean egindako herri galdeketan. Pandemiak Bakaikuko prozesua eten zuen, baina aurtengo apirilean jarri zen martxan eredu berria, herriko iturrietan, paseoko bankuetan eta eskolan hainbat lan eginda, besteak beste.

Egunerokotasunetik, jaietara

Jaietako hainbat ekimen herritarren auzolanean prestatzen ari dira Bakaikun ere. Izan ere, auzolanaren ohiko ereduetako bat da jai eremuena. Ate joka ditugu herri eta auzoetako jaiak, baita beste ekimen batzuk ere. Auzolanean herritar gehien mobilizatuko dituen ekimenetako bat Atarrabian uztailaren 29an eta 30ean egingo den Hatortxu Rock elkartasun jaialdia da.

«1.700 boluntario inguru bilduko ditugu», zehaztu du Aritz Coliok, antolatzaileetako batek. 1999an abiatu zuen bere bidea Nafarroako jaialdiak, errepresaliatu politikoen egoera salatu eta dispertsioa pairatzen duten senideen gastuak arindu asmoz. Lau lagunek jarri zuten martxan eta jaialdia hazten joan den neurrian, auzolana ere haziz joan da.

Goia 2017. urteko udan jo zuten, Lakuntzan egindako hogeigarren edizioan, zeinetan 6.000 herritar baino gehiago bildu zituzten modu boluntarioan lanean. Aurten, zifra txikiagoa izanik ere, handia da. «Gaur egun horrelako helburu batekin 1.700 lagun auzolanean jartzea gauza handia da. Eta hori da Hatortxuk daukan altxorrik handiena, jendea», nabarmendu du Coliok. Oraindik ere uztaileko zitan egin beharreko txandak betetzeko lanean ari dira eta jaialdiaren webgunearen bitartez eman daiteke izena.

«Edonork egin dezake zerbait, bai aurreko eguneko lanetan, bai egunean bertan bete behar diren eginkizunetan, bai gunea eta Atarrabiako herria behar bezala uzteko behin jaialdia pasata egin beharko direnetan ere», azpimarratu du. Ordaina ere argi dauka: «Jaialdiarekiko eta gure artean sortzen den loturaz gain, emaitza bera ikustea nahikoa da. Eta zer esanik ez senide batek edo preso dagoen pertsona batek egindakoa eskertzen dizunean. Horrekin aski ordainduta daude buruhauste guztiak».

Auzolana ezagutu

Bizilagunen arteko auzolanaren beste emaitza bat Zubiriko herrian topatu dezakegu. Zehazki, eskolaren atzeko aldean. «Leihotik mendi zati bat ikusten nuen, inork erabiltzen ez zuena, zaindu gabe zegoena», gogoratu du Ainhoa Artxanko bertako irakasleak. Gaur, leiho beretik begiratzean, erabilera anitzeko parke bat ikusten du, belardi zabal batekin, bai eskolak bai herri guztiak erabiltzen duena.

Eskolako patioa, ezagutzen ditugun ia guztien antzera, futbol zelai baten inguruan eraikita zegoen. «Naturak leku oso gutxi zuen eskolan. Skolae programarako aukeratu gintuztenean, berdintasun patioen gaineko formakuntza eman ziguten eta oso lagungarria izan zen». Horri esker, naturari garrantzia ematea erabaki zuten. «Garrantzi handia du berdintasunean jolasteko orduan. Ez du joko arautua bilatzen». Egoera irauli behar zela pentsatu eta lanean hasi ziren. Udalaren baiezkoa jasota, martxan jarri zuten egitasmoa. «Argi genuen auzolanaren bitartez egin behar zela parkea», nabarmendu du Artxankok.

Diru faltaz gain, irakasleak, klaseko lan batean, frogatu ahal izan zuen ikasleek ez zutela auzolana ezagutzen, ez zuten barneratuta. Baina barneratuta izan ez arren, erantzuna primerakoa izan zen. 80 lagunek baino gehiagok hartu dute parte deitutako auzolan ezberdinetan. «Jendeari eskatu genion tresneria ekartzeko eta han agertu ziren, baita traktoreekin ere! Beldurretako bat egin beharreko lanetan genero rolek izango zuten papera izan zen, baina emakume oso ahaldunduak aurkitu genituen». Emaitza, jolas librea bultzatzen duten estruktura berriak. Bailarak erabiltzen duen parke berri bat. Eta auzolana ezagutzen ez zuten haurrek ere hartu zuten parte ekimenean, atzealdeko paretan horma-irudi bat eginez. Maiatz amaieran festa egun batekin inauguratu zuten parkea. Hori ere, nola ez, auzolanean antolatua.

Beharretik sortutako altxorra

Auzolanen antolaketa, baina, ezin da beti aurreikusi. Errealitateak berarekin dakar batzuetan. Egoera okerrenetan gure onena emateko gai garela esan ohi da. Eta hori gertatu zen Iruñeko Arrotxapea auzoan 2021eko abenduan. Ibaiertzean da auzoa eta ohituta dago uholdeak jasatera. Duela sei hilabetekoa, ordea, gogoratzen duten handiena izan zen. Ostegun gau batean abisatu zituen Iruñeko Udalak bizilagunak: uholde arriskua zegoen. Ez zirudien beste munduko ezer izango zenik eta ostiraleko 07.30ean auzotarrak bizitza normala egiten ari ziren, asko lanerako bidean ziren. Baina ordu erdi geroago egoera erabat ezberdina zen. «Bat-batean, kaosa», dauka gogoan Ibon Esteban bizilagunak. Hasiera-hasieratik antolatu ziren bizilagunak. Estebanek eta uretan ibiltzeko ekipoa duten beste hiru lagunek lehentasun zerrenda bat egin zuten: dendetan harrapatuta geratutako merkatariak edo sendagaiak behar zituzten helduak laguntzea, besteak beste.

Ostiral arratsaldean, ura jaisten hasitakoan, auzolana Whatsapp bidez antolatzen hasi ziren bizilagunen artean. «Bisita bat egin genuen denda guztietatik, beharrak ikusteko», azaldu du Estebanek. «Jende pila etorri zen laguntzera, 60 bat lagun», gehitu du Graficas Xavier negozioko Iban Romok. Eta ez soilik jendea, Estebanek nabarmendu du adibidez, Hatortxuko antolakuntzak garbiketarako materiala eta furgoneta ere bizilagunen esku jarri zuela.

Kasu bat bereziki gogoan du Arrotxapeko bizilagunak. Joaquin Beunza kaleko fruta denda bat. Astebete lehenago irekitako denda. «Bi denda zituzten, bestea Burlatan, eta biak urez beteta. Oso eskertuta zeuden, hainbeste jende laguntzen... Arratsalde batean dena garbitu genuen eta berriz irekitzeko moduan zeuden. Pentsa bestela zenbat egun eman beharko zituzten itxita...».

Bizilagunak eredu gisa jartzen ditu Romok, eta, kontrako aldean, instituzioak. «EH Bilduko zinegotziak bai jaitsi ziren, baina Udaletik ez zen inor ere gerturatu». Ildo beretik mintzo da Fermin Danborena, auzoko dendarien elkarteko presidentea: «Normalena Udaleko norbait hemendik pasatzea litzateke. Baina inor ez. Arga Pio XII.a etorbidetik edo Iturramatik pasako balitz, egingo lukete. Baina hau Arrotxapea denez...». Baina auzoa «indartuta eta elkartuta» atera dela iritzi du Estebanek. Ezin pentsa auzolan ariketa hori gabe zenbat denbora beharko zuten komertzioek berriz ere martxan jartzeko. Pentsaezinak ekimen guztiok, auzolanik gabe.