Arnaitz Gorriti

Urdaibaik eta Oriok pronostikoak bete arren, Kontxan nagusitzeko lan handia dute oraindik

"Bou Bizkaiak" zazpi segundo pasako aldea atera die Hondarribia eta Donostiarrari, eta datorren igandeko ohorezko txandako ur mugituetan erabaki beharko dute estropada, Getariarekin batera. Emakumeetan, Arraun Lagunak Oriorengandik bi segundura geratu da, eta hirugarren Hondarribia izan da.

Orioko neskak, pozarren beren txanda irabazita. Gizonek ez bezala, emakumeak Kontxako bandera lortzeko lehia bete-betean daude.
Orioko neskak, pozarren beren txanda irabazita. Gizonek ez bezala, emakumeak Kontxako bandera lortzeko lehia bete-betean daude. (Jon URBE | FOKU)

Urdaibai eta Orio ez dira alperrik Eusko Label Ligako liderra eta Euskotren Ligako irabazlea, hurrenez hurren. Biek ala biek pronostikoak bete dituzte Kontxako Banderari dagokion aurreneko igandean eta, bada, hilaren 11ko estropadari begira, nahitaez faborito direla onartu behar da, Urdaibairen kasuan batez ere, Hondarribia eta Donostiarrarekiko zazpi segundu eta erditik gorako aldea ireki baitu Bermeoko taldeak. Emakumeen artean, berriz, bi segundu pasatxoko abantaila atera dute «mirotzek» Arraun Lagunak taldearekiko.

Alabaina, ezin da inola ere erabakitzat jo ez gizonen 127. Bandera, ezta emakumeen hamabosgarrena ere. Emakumeen kasuan, "San Nikolas" eta "Lugañene"-ren arteko aldea oso txikia delako, ontzi betekoa baino gutxiago, eta gizonen estropadari begira, aldea nabarmenagoa izanagatik, itsaso mugitua espero da datorren igandean eta hori beteko balitz, bi ontzi eta erdiko abantaila hori ez litzatekeelako gainditu ezina izango. Urdaibai ezin da Hondarribiari bakarrik begira egon; Donostiarra ere kontrolpean izan behar du, eta bai «Ama Guadalupekoak» nola «Torrekua II.ak» ere erakutsi dute badirela, estropada bakarrean, Bermeoko ontziari zortzi segundu ateratzeko gai.

Aurreneko kale «txar bikaina»

Ipar mendebaldeko haizea aritu da, ez oso indartsu, nahiz eta gizonen txandek aurrera egin ahala iparraldera jira egin duen. Marea beherantz joanda gainera, inork ere ez zuen aurreneko kaletik joan nahi, baina zer da kontua eta emakumeen bi txandetan aurreneko kaletik abiatu direnek –Hondarribia eta Orio, hurrenez hurren– irabazi dute. Gizonezkoetan, berriz, Orioko traineruak poparean beherantz egin du eta ohorezko txandatik at geratu da Getariaren mesedetan, eta Donostiarrak, berriz, Urdaibairen aurretik ziaboga egin badu ere, bigarren luzean ezin izan dio "Bou Bizkaiari eutsi".

Eguneko lau txandak nolabait esatearren «binaka» jokatu dira. Emakumeen aurreneko txandan Tolosaldea arin nabarmendu da, baina ETE Liga irabazi berritan maila asko hobetu duela erakutsi duen Hondarribia inguruan izan du beti, Cabo eta Hibaika hirugarren posturako borrokatu diren bitartean. Zer esanik ez Orio eta Arraun Lagunaken arteko buruz burukoaz, nahiz eta kasu honetan ez den hirugarren posturako lehiarik egon, Donostiarrak Chapela atzean laga baitu.

Datorren urtean zortzi ontzik osatuko duten Euskotren Ligan zer ikusiko dugun ezin da oraindik jakin, baina bistan geratu da emakumeek arraunean gero eta hobeto egiten dutela; hau da, aurreneko postutik urrun xamar geratu diren taldeek ere gero eta lan egokiagoa egiten dutela.

Zentzu horretan, Orio eta Arraun Lagunaken artean 2.16 segundu baldin badaude, hirugarren izan den Hondarribia eta bosgarremn amaitu duen Tolosaldearen artean 2,44 segundu daude, zazpigarren egin duen Cabo erabat ahaztu gabe –hemen ere itsasoa petraltzen bada, alde handiak ikustea ez delako harritzekoa izango–.

Alabaina, Orio eta Arraun Lagunaken arteko azken txanpak beste behin erakarri ditu argiak eta titularrak. Azkenera arte, biek ala biek branka besteari sartzen sekulakoak eta bi egin dituzte, eta Santa Klara uhartetik aurrera bakarrik atera dute alde apur bat «mirotzek», egon den hondoko itsaso apurrari sekulako etekina aterata.

XV. Emakumeen Kontxako Bandera

1.    Orio    10:37.52

2.    Arraun Lagunak 10:39.68

3.    Hondarribia    10:50.47

4.    Donostiarra    10:50.82

5.    Tolosaldea    10:52.83

6.    Hibaika    10:57.91

7.    Cabo    10:59.65

8.    Chapela    11:15.18

Urdaibai, aztietan aztiena

Erreferentziarik gabe gabe arraun egitea egokitu zaio Hondarribiari gizonezkoen aurreneko txandan. Orio, Getaria eta Kaiku baino indartsuagoa izanik denboraldi osoan zehar, «Ama Guadalupekoak» Urdaibai eta Donostiarra izan ditu jomugan bere lanean.

Hondarribiako «vikingoek» lan aparta egin dute, zalantzarik gabe, eta horri esker 19 minutu eta erdiko langa ere botatzea lortu du, sekulako itzulerako luzea burutu ostean.

Dena den, aurreneko txanda honetako bi kontu adierazgarrienak ez dira Hondarribiaren aldetik etorri. Izan ere, epaileek aurreneko txanda honetako lehenengo irteera ustel eman dute, itxura baten Kaikuk estatxa arinegi askatu duelako. Kontu arraroa, dena dela, azkenean ez "Bizkaitarra" ez beste ontzik ez baitu inongo zigorrik jaso.

Bigarren kontua Getariak eta Oriok elkarrekin izan duten buruz burukoa izan da. Beti Hondarribiaren atzetik eta Kaikuren aurretik, orain batak eta gero besteak, elkarri branka sartzen jardun dute bai «mirotzek» nola "Esperantza" ontziko arraunlariek. Hondarribiak estropada hautsi duenean erabaki da ere bigarren posturako lehia hau getariarren alde. Unax eixagirre Getariako patroiak Hondarribiaren ubera jarraitzea erabaki du eta erabaki zuzen askoa izan da, kolpetik bi traineruren aldea atera baitio Oriori. Artean inork ere ez zekien, baina erabaki horri esker "Esperantzak" laugarren denborarik onena egin du eta Orio dagtorren igandeko ohorezko txandatik atera du.

Alabaina, aztietan aztiena gizonezkoen estropada honetan Urdaibai izan da. lan txarrak izan ditu Donostiarraren aurka, ziaboga "Torrekua II.ak" aurretik eman baitu eta uneren baten lau segunduko aldea ere ireki baitu. Bueltako luzean, ordea, dena aldatu da. Bigarren kaletatik abiatuta, "Bou Bizkaiak" berehala harrapatu du Donostiarra. Etxeko traineruak istriborrerantz jo nahi izan du, baina Bermeoko taldeak, bere kalea defendatuz, ez dio laga. Epailea tartean sartu da eta, kanpotik harrigarria badirudi ere, istriborrera jotzeko agindu dio "Bou Bizkaiari".

Baita honek agindua azkar asko bete ere. Alabaina, ordurako Bermeoko taldeak branka sartuta zuen eta epaileen aginduak bere egoera hobetu baino ez du egin. Kolpetik, bizkaitarrek 11 segundurainoko aldea izan dute, bai Donostiarrarekiko nola aurreneko txandan aritu den Hondarribiarekiko ere.

Azken aldera itxuratu du bere desabantaila "Torrekua II.ak", irlatik helmugara bitartean lau segundu errekuperatzea lortuz.

Bada, datorren domekara begira, zein aztiena izango den ikusteko dago, igande honetan Gorka Aranberrik beste behin masuki gidatu duen Urdaibai izan bada ere.

CXXVII. Gizonen Kontxako Bandera

1.    Urdaibai    19:21.56

2.    Hondarribia    19:29.20

3.    Donostiarra    19:29.26

4.    Getaria    19:44.98

5.    Orio    19:50.58

6.    Zierbena    19:58.40

7.    Kaiku    20:18.30

8.    Ondarroa    20:25.14