Alessandro Ruta

‘The end’: zinemagileek badakite noiz bukatu

Zinemaren historian zehar, askotxo dira bere buruaz beste egin duten zuzendariak. Jean-Luc Godard izan da azkena, aste honetan bertan, lagundutako suizidoaren bitartez.

Godard, 2004ko Canneseko Festibalean.
Godard, 2004ko Canneseko Festibalean. (Boris Horvat | AFP)

«The end», «bukatu da» jartzea, zinemagile baten lanaren parte bat da. Zailena, agian: Zenbat aldiz film on batek bukaera txarra izan du, edota zapore gazi-gozoa utzi digu, istorioa era egoki eta distiratsuan garatu eta gero? Zenbat aldiz ez zaigu luzeegia –edo motzegia– egin?

Aste honetan bere bizitzari bukaera eman dion Jean-Luc Godard ez zen soilik zinemagile bat, zinema bera zen. ‘La gran belleza’ pelikularen protagonista den Jep Gambardella bezalakoa zen Godard: «Nik ez nuen jai guztietan parte hartu nahi bakarrik: horiek hondatzeko boterea ere izan nahi nuen». Izan ere, frantziar handia festibalen batean baldin bazegoen, dena alda zitekeen une batetik bestera, berak jaialdiaren «bolantea» eskuetan hartzen zuelako.

Eta modu berean bukatu da bere bizitza, bere buruaz beste eginez. Lagundutako suizidioarekin, zehatzago. Egia esanda, duela urte batzuk erabaki hori jakinarazi zuen jada, eta horregatik jende gutxi harritu da orain. Godard «pertsonaiak» ezohiko gai eta kontuak ekartzen zituen plazara beti.

Baina bera ez da bakarra izan, ez eta gutxiagorik ere. Azken hamarkada honetan beste zinemagile batzuk gauza bera egin dute, beren bizitzari «The end» noiz jarri aukeratuaz. Zinemaren historia bera honelako erabakiz betea dago.

‘Top Gun’

Ridley Scotten anaia zen Tony Scott. Hasiera batean margolaria izan nahi nuen, baina poliki-poliki pantaila handiari gustu hartzen hasi zitzaion. Gaur egun, edo behintzat azken uda honetan, milaka ikuslek zine gelak bete dituzte, ‘Top Gun: Maverick’ ikusteko. Sekulako arrakasta izan da pelikula hau, Tony Scott-en proiektua zena.

Lehenago, ‘Top Gun’ek, 1986. urtekoak, garai bat markatu zuen, aroa ederki islatu zuelako. Tom Cruise piloto, neska politak eta musika solemnea, ‘Take my breath away’, ‘Nire arnasa eraman ezazu’. 80ko hamarkadaren ikurra izan zen, dudarik gabe. Eta bere parodia ere, zer esanik ez, ‘Hot shots!’.

Tom Scott ‘Top Gun’en zuzendaria zen eta bigarren parte bat egitea zuen buruan, baina tamalez ez zuen bere egitasmoa gauzatuta ikusiko, 2012. urtean bere burua hil zuen eta. Los Angeleseko portua zeharkatzen duen zubi batetik egin zuen salto, hainbat botika hartu eta gero. Bi ordu eta erdi behar izan zituzten bere gorpua berreskuratzeko, hamaika lekukok ikusi zuten dena, «action-movie» baten antzera.

«Minbizia zuen eta ez zuen sufritzen jarraitzeko gogorik», izan zen lehen azalpena. Orri batean zerbait idatzita utzi omen zuen Tony Scottek. Hamar urteren ondoren ‘Top Gun: Maverick’, bere azken proiektuetako bat, pantaila handira heldu da, beste zinemagile baten eskutik: Joseph Kosinski. Tom Cruise beti dago hor, jakina, hegazkin militar bat gidatzen, bai eta Val Kilmer ere. ‘Maverick’ Scott-i eginiko omenaldi bat da, Kosinskik aipatu duenez: «‘Top Gun’ 12 urte nituenean ikusi nuen eta sekulakoa iruditu zitzaidan. Uste dut Tonyk arrakasta handiko filmen mundua aldatu zuela eta bere lana errepikatzea ezinezkoa dela».

«Commedia all'italiana» ez da barregarria

Gai gogorrak pelikulen bidez kudeatzea generoa bihurtu da: ‘Commedia all'italiana’ estiloa horretarako oso egokia izan zen eta hainbat imitatzaile izango zuen. Labur esanda, negarrik ez egiteko barre egitea da kontua: gaur egun ere sendagai eraginkorra izan daiteke.

Mario Monicelli eta Carlo Lizzani ‘Commedia all'italiana’-ren testuinguruan bi izen-abizen handi izan ziren. Aurrenak artikulu bat berarentzat bakarrik mereziko luke, baina hitz gutxitan esateko Italiako zinemagilerik garrantsitsuenetakoa bilakatu zen: ‘I soliti ignoti’, ‘La grande guerra’, ‘L'Armata Brancaleone’, ‘Amici miei’ edota ‘Il marchese del Grillo’ bere maisulan batzuk izan ziren.

Oso tipo zakarra zen Monicelli, oso zuzena: ehunka sari eskuratu zituen, Donostiako Zinemaldian ere, eta jarduera luze-luzea izan zuen, 95 urte bete arte, baina beti nolabait tristuraz betea.

2010eko azaroaren gau batean, ingresatuta zegoen erietxearen leiho batetik salto egin zuen Mario Monicellik. Minbizi sendaezina zuen eta agian tratamenduekin kokoteraino zegoen... ‘The end’, honek ere.

«Argitasunez beteta egin du», esan zuen Lizzanik Monicelliren heriotzari buruz. Era berean eragingo zuen berak ere, hiru urte geroago

 

«Argitasunez beteta egin du, bere bizitza azkeneraino kudeatu nahi izan duelako», baloratu zuen Monicelliren lagun eta lankide batek. Nor zen? Carlo Lizzani zuen izena. 2013an modu berean bere buruaz beste egingo zuen berak ere, beste leiho batetik. Lizzanik 91 urte zituen eta berak ere minbizi sendaezin bat zuen. Semeei mezu bat utzi zien honek: Monicellik, aldiz, ezer ez.

Whale, McKellen, Van Dyke, Quine, Bendjelloui...

Godard, Scott, Monicelli, Lizzani... eta beste batzuk, hauek baino lehenago: James Whale 1957an (bere bizitzari buruzkoa da ‘Gods and monsters’ 1998ko pelikula, Ian McKellen-ekin, Zinemaldian garaile merezimendu osoz), Woody Van Dyke 1943an edo Richard Quine 1989an. Azkenetako bat, Oscar saridun Malik Bendjelloul [beheko irudian], Anna Karenina bezala tren baten azpira bere burua bota zuena.

Bukaera denak nolabait depresioarekin, betiko «munstro»arekin lotuta. ‘Suicide is painless’ («Suizidioa minik gabekoa da») 1970. urteko ‘Mash’ pelikularen abesti baten izenburua zen, eta oso eslogan eraginkorra. Honelaxe, azken «klaketa» kolpe batez, grabaketaren errepikapen beharrik gabe. Noiz eta nola egin jakin behar da kasu horietan, zinegileen moduan.