NAIZ

ETAren sortzaileetako bat hil da: Iñaki Larramendi donostiarra

ETAren sorreran parte hartu zuen Iñaki Larramendi militante donostiarra hil da. Erakundearen lehen ekintzen ostean atxilotu, bortizki torturatu eta kartzeleratu zuten, 1961eko sarekadan.

93 urte zituela hil da Iñaki Larramendi.
93 urte zituela hil da Iñaki Larramendi. (NAIZ)

Iñaki Larramendi (Donostia, 1929) ETAko militante ohia hil da, NAIZek baieztatu ahal izan duenez. Erakundearen sortzaileetako bat izan zen Rafa Albisu edo Jose Luis Álvarez Enparantza ‘Txillardegi’ gisako kideen ondoan, donostiarrak hauek ere.

1951-52 ikasturtean, Deustuko Unibertsitateko eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako zenbait ikaslek –Benito del Valle, Iñaki Gainzarain, Alfonso Irigoien, Gurutz Ansola, Manu Agirre eta Julen Madariaga– Ekin izeneko talde bat osatu zuten ikasketa eta prestakuntzarako. Hurrengo ikasturtean batu ziren taldera Larramendi, Albizu eta ‘Txillardegi’, EAJrekin zituzten desadostasunen aurrean alternatiba bat pentsatzeko asmoz. Hazi hartatik sortu zen Euskadi Ta Askatasuna, 1958ko abenduan Deban egindako batzarrean.

Handik gutxira, 1961eko uztailaren 18an, frankista beteranoz betetako tren bat erreitik atera zuen ETAk, Larramendik ‘Berria’ri emandako elkarrizketa batean kontatu zuenez, «iskanbila handia sortzea eta nazioartean oihartzuna lortzea» helburu. Denbora berdintsuan, bi bandera espainiar erre zituen erakundeak.

Lehenengo ekintza horien ondotik etorri zen ETAren kontrako lehenengo polizi operazio zabala. Sarekada handi bat egin zuen Gipuzkoan eta Bizkaian, eta ETA erakunde berriaren kide gehienak atxilotu zituzten. Sarekada horretan erori zen Larramendi, orduan zuzendaritzako kide. Donostian atxilotu zuten, etxean.

Bortizki torturatu zuten, lurrean jarritako beiraren gainetik belauniko ibiltzera derrigortuz

 

Bortizki torturatu zuten militante donostiarra, kasurako, lurrean jarritako beiraren gainetik belauniko ibiltzera derrigortuz. Beste 23 kiderekin batera, Gobernu frankistaren indar polizialen partetik jasotako tratu txar eta torturak salatu zituen 1961eko urrian idatzitako eskutitz baten bidez. «Francoren Gobernua Nazio Batuen kide da eta bere sinadura ageri da Gizonen Eskubideen Kartan», eta «guregan urratuak izan dira bertan jasotzen diren oinarriak», oroitarazten zuten eskutitzean.

«Baina neurriak ondo hartuak nituen, eta nire azpian zeudenak ez ziren erori eta ez zidaten ezer harrapatu», kontatu zion ‘Berria’ egunkariari.

Soriako espetxera sartu zuten Iñaki Larramendi, 10 urteko zigorrarekin, baina 1964an atera zen, baldintzapeko askatasunean.

Harrezkeroz, ez zuen gehiago ETAn militatu, baina 1968. urtean berriz atxilotu zuten, erakundeak Meliton Manzanas hil ondoren, Larrinaga Ikastolen mugimenduan sartuta zegoenean.

Avilako San Bartolome de Pinares herrixkan utzi zuten, bakarrik, eta han bizitzera behartu zuen Estatu espainiarrak egunero kuartel batera agertzeko baldintza ezarrita.