Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Sare sozialak, erakusleihoa eta lupa

Egia esan, ez neukan Hego Koreako K-Pop kulturaren berri atzo arte. Urrun geratzen zait distantzian eta adinean. Distantziak esanahia zeukan adinekoa bainaiz. Orain, dena dago bertan.

Interesez irakurri dudanez, Hego Korean ez ezik, mundu mailan dira ezagunak K-Pop kulturako artistak. Eta musikatik harago doan fenomenoa omen. Sare sozialetan goratutako eta imitatutako talentu gazteak dira. Eta gazteak izanagatik -25 urteren bueltakoak-, gehienek bizitza erdia daramate K-Pop artista izateko trebatzen. Ume-umetatik gorputza dantzarako eta ahotsa kanturako prestatzen. Artista horien gorakadan sare sozialek parte oso garrantzitsua daukate. Maitatuak eta imitatuak izan behar dute, etengabe txalotuak, ez bakarrik emanaldi bat eskaintzen ari direnean, une oro eta etengabe baizik. Sare sozialetan erakusten duten bizitza lupaz begiratzen dute jarraitzaileek. Ondo egindakoak indarrez txalotzen dituzte eta pasio berarekin zigortzen dituzte gaizki iruditu zaizkienak. Epaiketa publiko masibo etengabe bat. Ezin bizi bat.

Azken hilabeteotan albiste mingarri izan dira K-Pop kulturako artista gazte sonatuen suizidioak. Horietako askok, gainera, publikoki esana utzi dute besteen luparen pean bizitzea ez dela bizigarria, itogarria baizik.

Sare sozialen erakusleihoan ez da orbanik onartzen, dena da perfektua, distiratsua, bikaina. Eta oso-oso arriskutsua. Hego Koreako albisteetan ikusi ditut irudikatuta gure inguruko hainbeste neska-mutiko. Une oro zoriontasun infinitua iradokitzen duten gorputz “perfektuei” begira pantailan. Sare sozialetako pertsonaia horietan topatzen ez duten “inperfekzioa” beren gorputzetan identifikatzen eta gorrotatzen.

Zoriontasun infinituaren eta edertasunaren egungo kanonak birrindu beharko genituzke. Esnatu berriaren lo aurpegia, sudurraren puntan ateratzen den pikorra, egun txar bat bukatu nahi duenaren desesperantza, negarrez itotzen denaren mina. Bizitza, bere aurpegi guztiekin, asko baititu eta horietako asko ez dira samurrak. Sare sozialak fikzioa dira, behin eta berriz esan behar genieke gure neska-mutikoei. •