Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Bakea eta bakeosoak

Bakea eta elkarbizitza. Ederra lata ematen dutena politikari eta tertuliakideek, nolako lezio magistralak bakea zer den eta zer ez, matraka galanta elkarbizitza homologatuak inposatzeko. Zeini eta euskal herritarrei, bizikidetzaren forma, tamaina, testura eta koloreak hain ondo eta hain mingarri ezagutzen dituen herriari.

Imajinatu telebista aurrean zaudela plantxarekin, tertuliakide espainolak entzuten, sufritzen. Haiek banatzen dituzte bakearen eta elkarbizitzaren tituluak. Haiek erabakitzen dute zeinek aprobatu duen ikasgaia eta zeinek ez.

Bat-batean azken ordukoa Oriotik. Bi hildako daudela, lehergai batek eztanda egin duela... nahasmena. «Garai bateko Euskadiko egoera gordinenak datozkigu burura», bota du kazetari espainolak. Eta gero isiltasuna. Erasoaren kolorea zehazten joan den neurrian baretu zaie asaldura. Hilketa matxista baten hipotesia agertu denean, beste aldera begiratu eta bakeaz lezioak ematen jarraitu dute. Baina, zein bake?

Etxe inguruko banku batean, arratsalde eguzkitsu batean, liburu bat lasai irakurtzea da bakea. Bake galanta. Gutxien espero duzuna da zure bikotekide ohia parera azaltzea, eskopeta batekin, eta tiro egitea. Herritarrek eta ezagunek harrituta diote bakeosoa zela tipoa, lasaia, isila, “normala”, bertakoa.

Indarkeria matxistak egunero astintzen gaitu modu desberdinetan. Gizonezko bakeoso askok erasotzaile bat daramate barruan, stand by moduan. Hori da arazoa, ez dituztela belarri berdeak, ez direla urrutitik ikusten etortzen. Egunerokotasuneko tipoak dira, erasotzaileak stand by, bakeosoak, “normalak”, herrikoak askotan.

Eta garbi dago bizi dugun bakeak ere itxura eta azala baino ez dituela. Indarkeria matxista desagertzen den arte ez da bakerik izango. •