Marokon egin zen Europako bodysurf txapelketan Sub-18 kategorian eta kategoria irekian irabazita, Uhaina-Kailani Hegoas lapurtarrak Europako txapela eskuratu zuen bi kategorietan. Izan ere, irailean Angelun egin zen txapelketan ere bi txapelak irabazi zituen eta, horrela, Europako bodysurf itzulia amaitu delarik, Europako txapeldun izendatua izan da.
Kategoria bakoitzean rankingeko lehen hiru sailkatuek munduko bodysurf txapelketan lehiatzeko plaza eskuratu dute. Eta Uhaina-Kailanirekin batera hautatua izan den europarren artean bere aita aurkitzen da, Matias Hegoas, kategoria irekian hirugarren postuan geratu baita.
Hortaz, aita-alabak datorren urteko maiatzean Hawaiin egingo den Munduko Txapelketara elkarrekin joango dira eta jada entrenatzen hasiak dira. Txapelketa Oahu uhartean dagoen Point Panic urautsian egingo da, munduko bodysurf lehiaketa esanguratsuenak egin ohi diren hondartzan.
Hawaiira begira
Egun Hiriburun bizi den Uhaina-Kailanik NAIZi aditzera eman dionez, «oraindik ez da ziur Olinpiar Jokoetan bodysurfa izango den, baina, aukera bada, han izan nahi nuke». Txapela eskuratzeko puntuak nola lortu behar diren oso argi du 15 urteko kirolariak: «Lehiaketa arauak surfean bezalakoak dira eta figurak ahalik eta modu garbienean egin behar dira. Erakutsi behar da nahi duzun ariketa egiteko gai zarela, olatuak zu baldintzatu gabe».
Izen konposatua du kirolari lapurtarrak, Uhaina-Kailani. Hawaiiarrez «ozeano paradisua» esan nahi du Kailani hitzak. Izan ere, artean oso txikia zela Pipelineko uretan itsasoratu zen lehen aldiz bere gurasoekin. Hortaz, «surflarien meka» deitzen duten urautsian bataiatua izan zela esan daiteke.
Aitzitik, ez ditu ahazten bere erroak eta, txapela eskuratzen duen bakoitzean, ikurrina ateratzen du: «Beti nire aitarekin itsasoratu naiz, berekin ikasi dut dena eta berak irakatsi dit nortasunak duen garrantzia». Matias Hegoasek ere oholtzara igotzeko aukera duen bakoitzean erakusten du ikurrina, baina bere alabak ez bezala, arazoak izan dituela aitortzen du. Edonola ere, Munduko Txapelketan emaitza on bat eskuratu eta ikurrina astintzeko irrikaz daude hegoastarrak.