NAIZ

Kepa Ibarra eta Markos Goikoleak eskuratu dituzte antzerkiko Cafe Bar Bilbao-Tartean sariak

Markos Goikolearen ‘Destiny Driver’ eta Kepa Ibarraren ‘La isla oxidada’ lanak nagusitu dira antzerki laburreko XXII. Cafe Bar Bilbao-Tartean teatroa sariketan. Aurten lehenengoz euskarazko soinu fikziozko gidoi onena ere saritu dute; Idoia Garzesen ‘Goiuri, arazo bat dugu’ izan da saritua.

Sarituak eta epaimahaiako kideak, sariketan.
Sarituak eta epaimahaiako kideak, sariketan. (CAFÉ BAR BILBAO-TARTEAN TEATROA)

Antzerki laburreko gidoien Cafe Bar Bilbao-Tartean teatroa sariak banatu dira astelehen honetan Bibon izen bereko tabernan egin den ekitaldian. Euskarazko gidoien alorrean Markos Goikolearen ‘Destiny Driver’ izan da saritua eta, gazteleraz, aldiz, Kepa Ibarraren ‘La isla oxidada’ hautatu dute.

Epaimahaia Patxo Telleria, Getari Etxegarai, Jokin Oregi eta Mikel Martinezek osatu dute (lehen biak bakarrik euskarazko sariketari dagokionean) eta irabazlea hautatzea «benetan zaila» dela nabarmendu dute, aurkeztu diren gidoien kalitatea «altua» izan baita, euren hitzetan.

XXII. edizio honetara euskarazko 16 gidoi eta gaztelerazko 24 aurkeztu dira eta, generoari dagokionez, 7 emakumezko egilek aurkeztu dituzten euren lanak. Irabazleek 750 euro jaso dituzte eta euskarazko lanaren irakurketa dramatizatua egingo da Lautan Hiru jaialdian. Inork antzezlena ekoitzi nahiko balu Pabellon 6ren antzerki laburreko jaialdietan taularatzeko aukera ere izango dute. Lan sarituak Cafe Bar Bilbao eta Teatro-testuak webguneetan argitaratuko dira.

Soinu fikzioa

Berrikuntza gisa, aurten euskarazko soinu fikzioko gidoi labur onena ere saritu dute, EITB Sari Berezia eskuratu duena. Idoia Garzesen ‘Goiuri, arazo bat dugu’ lana izan da hautatua eta 1000 euroko saria jaso du. Azaldu dutenez, kasu honetan EITBk gidoi irabazlearen eskubideak eskuratuko ditu, hala erabakiko balu podcast bat ekoizteko.

Euskarazko lan irabazleak, ‘Destiny Driver’, XXII. mendera garamatza, bi pertsonen arteko hitzordu batera: «Etorkizunaren kolonizazioari buruz hausnartzen du. Gaur egungo botere-egiturek gure etorkizun posibleak proiektatu eta modelatzen dituzte; gure etorkizunez jabetuz, hauek existitu baino lehenago ere. Profezia autobete baten moduan, alternatibarik ez dagoela sinestarazten gaituzte, eta horren trukean ziurtasun apur bat eskaintzen digute. Gizakiok lehen imajinatu duguna soilik sortzeko gai bagara, zer gertatuko da gure etorkizuna irudikatzeko gaitasuna elite teknologiko baten esku erabat uzten badugu?», azaldu du egileak.

Ibarraren ‘La isla oxidada’ lana, aldiz, ipuin fantastiko bat da, «bi pertsonaia kontraesankorren bidez, aberastasunean eta pobreziaren artean, azken sostengu bat bilatzen dutenak. Ozeano batek (edo ez) inguratutako uharte baten erdian, edozein eskualde jendetsutik mila milioi kilometrora. Gertu edo urrun, hemen bertan».