NAIZ

Gurutze Gorriak Felix Zubiari jarritako zigor «bidegabea eta neurriz kanpokoa» salatu dute

EAEko Gurutze Gorriak Felix Zubiari jarritako zigorra «erabat bidegabea eta neurriz kanpokoa» dela salatu dute asteon dimisioa eman duten Zarauzko Gurutze Gorriaren komiteko kideek. Uste dute erabakia Itsas Salbamenduko programaren kudeaketa dela-eta izandako ika-mikek bultzatu dutela.

Agerraldia Getarian egin dute.
Agerraldia Getarian egin dute. (Jon URBE | FOKU)

Zarauzko Gurutze Gorriaren komiteko kideek dimisioa aurkeztu dute, Felix Zubia medikua lasterketa batean «motor partikularrak erabiltzeagatik» zigortu dutela eta, asteon jakitera eman zutenez. Gaur, prentsaurrekoa eskaini dute Zubiak berak zein dimisioa aurkeztu duten kideek, Getariako Arrantzaleen kofradian. Adierazi dute 5 urteko kargugabetze zigorra «erabat bidegabea eta neurriz kanpokoa» dela eta uste dute Gurutze Gorriaren erabakia Itsas Salbamenduko programaren kudeaketa dela eta izaten ari diren tirabirek bultzatu dutela.

Gaurko agerraldian, astelehenean ohar bidez adierazitakoa berretsi dute: «Zarauzko Gurutze Gorriaren Herri Biltzarraren Komiteak bere kide guztien dimisioa jakinarazi nahi die Urola-Kostako bizilagunei, bere kiden den Felix Zubiari ezarritako 5 urteko zigorragatik». Zubiak EAEko Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordearen aldetik jaso du zigorra. Medikua Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko burua da eta ezaguna da pandemia garaian sarritan azaldu zelako komunikabidetan.

Zigorra «neurrigabea» dela adierazi dute, arrazoia Zarauzko Triatloian motozikleta partikularrak erabili izana delako. Erabakia proban emandako laguntza hobetu asmoz hartu zutela baieztatu dute eta ez antolatzaileek, ez Ertzaintzak ezta Udaltzaingoak ere ez zietela inolako eragozpenik jarri. 

Jakitera eman dute, halaber, EAEko Gurutze Gorriko koordinatzaile autonomikoak gertakari horiengatik espediente bat eskatzea erabaki zuela, eta espediente hizpide izan duten zigorra ekarri duela. «Bidegabekeria» horren aurrean, Herri Mailako Batzordeko kide gisa dimititzea erabaki dute, «atsekabe handiz». Era berean, Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Zuzendaritza Probintzialak dimisioa eman du, Lehendakari probintziala buru dela, beste hainbat herritako lehendakariekin batera.

Itsas Salbamenduko programa

Prentsaurrean adierazi dute zigorra ez dela gertakari isolatua, denbora luzea baitaramate Gurutze Gorri Autonomikoarekin ika-mikak izaten, Itsas Salbamenduko programaren kudeaketa dela eta: «Gure salbamendu-ontziak zahartuta daude eta ez digute berritzeko baimenik ematen».

Getariako Itsas Salbamenduko Eskola geldirik dagoela ere adierazi dute, eta diru-laguntzen kudeaketan «gardentasunik eza» salatu dute. Azaldu dutenez, gertakari horien barne-salaketak «gatazka-egoera» sortu du, eta uste dute zigorra horren ondorio izan daitekeela.