NAIZ

Oronozen lanbide eskola eraikitzeko akordioa lortu du EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin

EH Bilduk Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxea eraikitzea bultzatu du, Nafarroako Gobernuarekin adostasuna lortuta. Itun horretan, «zentroa eraikitzeko behar diren bitartekoak bermatzen dira, baita kronograma bat ere, eskaintza modu adostuan birbideratuz eta finantzazioa bermatuz».

Eskualdeko alkateen eta eragile sozioekonomikoen arteko topaketa egin dute ostiral honetan Oronoz-Mugairin.
Eskualdeko alkateen eta eragile sozioekonomikoen arteko topaketa egin dute ostiral honetan Oronoz-Mugairin. (EH BILDU)

EH Bilduk adostasuna lortu du Nafarroako Gobernuarekin, Oronoz-Mugairin lanbide eskola egiteko. Koalizio abertzaleak nabarmendu duenez, zonaldean «mugarri bat» ezartzen duen akordioa da, «eskualdeko hainbat eragilek aspalditik egindako aldarrikapen bati» erantzuten diolako. «Ikastetxe honetarako proiektua urte gehiegitan ahaztua egon da, Gobernuaren aldetik hori aurrera eramateko inolako interesik gabe, eta guk, hezkuntza, jendarte eta ekonomiako eskualdeko eragileekin batera, proiektua berreskuratzea eta gauzatzea lortu dugu», goraipatu dute.

Eneka Maiz EH Bilduren hezkuntza arloko bozeramaileak azaldu duenez, «prozesu neketsua izan da eta agerian utzi du konpromiso bera duten ezberdinen arteko lan koordinatuaren garrantzia». «Eskualdeko ordezkariek eragile sozioekonomikoekin egin duten lana funtsezkoa izan da dauden beharren diagnostiko egokia egiteko eta, ondoren, heziketa-eskaintza berritu bat diseinatzeko. Ez da erraza izan adostasun batera iristea, baina zailtasunak gainditzea eta Gobernuarekin akordio on bat adostea lortu dugu ikastetxe berri honetarako».

Erantsi duenez, Hezkuntza Sailaren, tokiko administrazioen eta hezkuntza komunitatearen arteko demokrazia parte-hartzailearen adibide bat da, «ezohikoa». Horregatik, eskerrak eman dizkie proiektu hau bultzatu eta gauzatu dadin lan egin duten eragile sozioekonomiko guztiei.

Alkate eta eragile sozioekonomikoekin topaketa

Ostiral honetan, Laura Aznal Nafarroako EH Bilduren bozeramailea eta Eneka Maiz parlamentaria eskualdeko alkateekin bildu dira –Fernando Anbustegi (Baztan), Aitor Elexpuru (Bera), Ladis Satrustegi (Lesaka) eta Arantxa Arregi (Doneztebe)–, baita lanbide eskoletako zuzendariekin –Iñigo Gorrotxategi (Elizondo), Igor Arruabarrena (Bera), Iñaki Beltran (Lekaroz) eta Cederna Garalur Elkarteko Izaskun Abrilekin ere.

Lanbide heziketako ikastetxe integratu berria non kokatuko den ezagutzeaz gain, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak lortutako akordioaren inguruan balorazioak eta hausnarketak partekatzeko balio izan du topaketak.

Anbustegi Baztango alkateak, adibidez, nabarmendu du proiektu «estrategikoa» dela «eremu honen etorkizunerako». «Aspalditik beharrezkoa zen azpiegitura bat da, eta eragile sozioekonomikoen eta hezkuntza-komunitatearen artean adostasun handia dago. Ziur gaude eskualde osorako zentro erreferentziala izanen dela, hezkuntza eskaintza zabaldu eta hobetuko duelako, eta gure herri eta eskualdeen garapenerako ere ardatz oso garrantzitsua izanen delako», defendatu du.