
Jesus Maria Gomez Ezkerro ‘Txutxo’ euskal presoa aske geratu da 24 urteko zigorra osorik bete ostean.
Etxeratek azaldu duenez, preso iruindarra 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, ETAko kide izatea leporatu zioten eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, «terrorismo» delitua egotzita. Zehazki, «banda armatuarekin kolaboratzeagatik» zigortu zuten auzitegi espainiarrek.
Hogei urte geroago, 2021eko udazkenean, 3. gradua ezarri zioten. Eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna onartu zioten.
Orain, bi urte eta erdi geroago, aske geratu da Gomez Ezkerro iruindarra, ia mende laurdeneko espetxealdia osorik beteta.
Urrunketa politika
Jesus Maria Gomez Ezkerrok 2019ko apirilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Aurretik, 2018an Curtisetik Asturiasko Villabonako espetxera lekualdatu zuten. Eta hiru urte geroago, hirugarren gradua onartu ziotenean, Euskal Herriratu egin zuten.
Joan den hilean, Txetxu Barrios baldintzapean aske geratu zen espetxean 27 urte eman ondoren. 2024ko otsailean, Barrios hirugarren graduan sailkatu zuten, eta urte bereko ekainetik bitarteko telematikoen bidez bete zuen zigorra.
Ainhoa Barbarin urretxuarra ere baldintzapeko askatasunean geratu zen ekainean, 23 urteren ondoren; eta Asier Oiartzabal Txapartegi andoaindarra aske geratu zen 24 urteren ondoren, zigor osoa bete ostean. 2024ko maiatzean 3. gradua eskuratu zuen eta 2024ko abendutik baliabide telematikoen bidez bete zuen bere zigorra.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
