NAIZ.INFO
IRUÑEA

Balmasedatik Corellara, 500 urteren ostean burujabe izateko gogoa berretsi dute milaka lagunek

«Euskal Herri osotik etorritako milaka nafarrok ez diogu uko egiten gure etorkizunaren jabe izateari». Nafarroa Bizirik herri ekimeneko Patxi Abasolok hitz horiekin laburbildu du gaurko aldarrikapena, Iruñean inoiz gutxitan izan den jende uholdeak babestu duen eskaria.

Milaka herritarrek bete dute erreinu zaharreko hiriburua. Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS
Milaka herritarrek bete dute erreinu zaharreko hiriburua. Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS

Euskal Herri osotik gerturatutako jendeak nafar ikurrez bete du gaur erreinu zaharraren hiriburua Nafarroa Bizirik 1512-2012 herri ekimenaren aldarrikapen jai handian. Goizetik hasita nagusitu da jai giroa Iruñean eta jendetza arratsaldeko manifestazioan elkartu da; Aberri Egunaren edo murrizketen aurka izan diren manifestazio jendetsuen pareko mobilizazioa izan da.

Gaztelu plazan amaitu da hiriko hiru kokagune ezberdinetatik abiatu den manifestazioa. Bertan, Patxi Abasolo Nafarroa Bizirik ekimeneko bozeramailearen aldarrikapena: «500 urteko konkistaren ondoren, gizon eta emakume askeak izan nahi dugu».

Konkista ez dela ospatzeko ezer gogoratu du, «konkistak ez direlako ospatzen, ez duelako zerikusirik euren interesaren araberako irakurketak egiten dituztenek saldu nahi diguten borondatezko elkartzearekin». Galdera ere bai herri ekimeneko kideak, zergatik dioten beldurra batzuk nafarren erabakitzeko eskubidea defendatzeari.

Konkistatu zuten Nafarroa hark hartzen zuen eremu osotik gerturatu dira gaur herritarrak Iruñera eta Abasoloren hitzetan ere hori zen gogoan, «Euskal Herri osotik etorri garen milaka nafarrok, ez diogu uko egiten gure etorkizunaren jabe izateari, ez eta gure iraganari eta orainari ere».

170 udalen sustengua izan du gaurko martxa nazionalak eta horien ikurrak ere presente izan dira manifestazioetan. Garai batean Nafarroa deitzen zen eremu osotik gerturatu dira Udalak, tartean ziren, adibidez, Corellakoa eta Balmasedakoa, Urepelekoa eta Oñatikoa.

Zutabeetako bat, jada aske direnak

Gaztelu plazan amaitu den manifestazioaren abiapuntua hiru zutabe izan dira, eta horietako bakoitzak izaera propioa izan du. Joana Bereterraren izenarekin emakume nafar zapalduak gogoratuz abiatu da zutabeetako bat Golem zinemetatik. Autobus geltokitik bigarrena, Miguel de Bertiz izenarekin eta kolonizazioari aurre egin diotenak gogoratuz.

Hirugarren zutabean, bidea erakuste aldera edo, garai batean espainiar erreinuaren parte izan eta jada ez direnek izan dute protagonismoa. Trinitariosetik abiatu den zutabeak Mina el Mozo izena zeraman eta Sahara, Flandria eta Hego Ameriketako hainbat herrialderen ikurrak ikusi ahal izan dira bertan.

Iruñeko peñak ere bai

Aldarrikapena nagusi zuen gaurkoak, baina festa giroan antolatu dute. Goizetik hasi dira ekimenak eta herri aldarrikapen honek lortu duen babesaren isla ere izan da festa. Lip-Duba grabatu zutenean ikusi zen babes zabal hori eta gaur ere hala ikusi da. Zezen plaza goizeko 10.30ean hasi da jendea batzen eta alde zaharrean festa izan da protagonista.

Iruñeko peñek ere euren lokaletako ateak ireki dituzte gaurko jaiarekin bat eginez. Sanferminetan soilik ireki ohi dituzte ateak festarako, baina gaur ‘Nafarroa Bizirik’ leloa ate gainean jarrita ateak zabal-zabalik ikusi ditugu.