Garbiñe Aranburu proposatu dute LABeko idazkaritza nagusian Etxaideren lekukoa hartzeko

LABek 2017ko maiatzaren bukaeran Gasteizen egingo duen 9. Biltzarrak aldaketak ekarriko ditu, baita sindikatuaren zuzendaritzan ere. Garbiñe Aranburu proposatu dute idazkaritza nagusian Ainhoa Etxaideren lekukoa hartzeko eta idazkari nagusiaren ondoko kargurako Igor Arroyo da proposatutakoa, Jabi Garnikaren ordez.

Nerea GOTI|BILBO|15/11/2016 12:07|4 comentarios
Loading player...

2017ko maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen egingo du LAB sindikatuak bere 9. Biltzarra, ‘LAB 4.0 Gure Garaia’ lemapean eta, beste aldaketa batzuen artean, zuzendaritzaren berritzea ekarriko du hitzordu horrek.

Ainhoa Etxaide idazkari nagusia eta haren ondokoa izan den Jabi Garnikaren ordez, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo proposatu dituzte. Maiatzeko biltzarrean berretsi egin beharko dute proposamen hau.

Etxaidek azpimarratu duenez, «etxeko lanak eginda» iritsiko da sindikatua maiatzeko zitara, «LAB berritu batekin».

Kongresuan afiliatuek eztabaidatuko duten proposamenen gakoak ere aipatu ditu. Baieztapen batetik abiatzen da LABek kongresuarekin zabalduko duen aro berria: «kapitalismoan ez dago ongi bizitzeko aukerarik».

Etxaidek azaldu duenez, «LABentzat sozialismoa da bizitza on bat edukitzea ziurtatuko duen sistema» eta «euskal sindikalgintzaren ekarpena erabakigarria izan behar du espazio honen eraikuntzan».

Nabarmendu duenez, feminismoa eta independentismoa dira sistema eraldatzeko beharrezko tresnak, lehenengoak ziurtatuko duelako eraikitzen den sistema «guzti guztientzat izatea» eta bigarrena, sistema berri bat eraikitzeko «boterea» herriaren esku izan behar delako.

Era berean, azpimarratu du «burujabetza prozesua martxan jartzeko garaia dela» eta bide horretan «Karta sozialaren» garrantzia aipatu du.

Aliantzak

«Prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea» lehentasun gisa aipatu ditu, baita sindikatuen arteko aliantzak bultzatzea. «Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, euskal sindikalismoari ireki behar den garai berrian LAB eta ELAren erronka nagusietakoa».

Etxaidek nabarmendu du sindikatua «tope historikoetan» dagoela ordezkaritzan eta afiliazioan, eta hau «berrikuntza bide oso baten emaitza izan dela».

Arlo pertsonalean aipatu du zuzendaritzan 21 urte eman ondoren, ardura uzteak «bizitza eta familiari» dedikatzeko tarte gehiago ekarriko diola bai berari zein Jabi Garnikari, eta argitu du sindikatuan lanean jarraituko duela, besteak beste «estrategia feministan sakontzen».