NAIZ
BILBO

Euskaraldia ardatz hartzen duten unitate didaktikoak eta aldizkari monografikoa aurkeztu dituzte

Ikastolen Elkarteak eta AEK-k unitate didaktiko parea sortu dute Euskaraldiaren harira, eta Irrien Lagunak elkarteak ‘Irria’ aldizkariaren ale monografikoa kaleratu du, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa soziala ardatz hartuta.

Euskaraldiaren harira landutako materialaren aurkezpena, Bilbon. (@AEK_eus)
Euskaraldiaren harira landutako materialaren aurkezpena, Bilbon. (@AEK_eus)

Bilboko Kafe Antzokian egin da Euskaraldiaren inguruan sortutako materialaren aurkezpena eta han izan dira Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskalraldiaren koordinatzailea, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailea eta Garazi Urrusolo Irrien Lagunak elkarteko kidea.

Illarok azaldu duenez, Ikastolen Elkarteak eta AEK-k egindako unitate didaktikoak ikasleei Euskaraldiaren berri emateko asmoz sortu dira. Horrela, bada, hizkuntza ohituretan eragiteko xedea duen ariketa soziala hezkuntzaren didaktikatik ezagutu eta lantzeko aukera izango dute ikastoletako zein AEK-ko euskaltegietako ikasleek.

Tellituk adierazi du hezkuntzan «ilusio eta gogoarekin» lanean ari direla Euskaraldiaren inguruan, eta horren ondorio dela Ikastolen Elkarteak sortu duen unitate didaktikoa: «Hezkuntza talde garen heinean, argi izan dugu ekarpen berezi bat egin behar geniola Euskaraldiari. Ekarpen horren emaitza dugu unitate didaktikoa; hobeki esanda, bat baino, hiru dira, hiru unitate didaktikoz osatua baitago, adin talde eta etapa desberdinak aintzat hartuta».

Ikastolen Elkarteak hiru ataletan banatu daitekeen unitate didaktikoa sortu du: lehena, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa da, bigarrena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa, eta hirugarrena Batxilergoko ikasleek erabiliko dute. Unitate didaktikoaren helburu nagusia Euskaraldiaren berri ematea da, eta horrela, parte hartzea sustatzea. Materialak girotze eta hurbilpen ariketa egin nahi du euskararen erabileraren areagotzea lortu aldera.

Halaber, agerraldian azaldu dute Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat bideratutako egitasmoa izateak ez duela esan nahi 16 urte bete ez dutenek funtzio garrantzitsua bete ezin dezaketenik. Horregatik, Ikastolen Elkarteak prestatu duen materialean bada berezitasunik.

Monografikoa

Ildo horretan, haur eta gaztetxoek helduengan eragiteko daukaten gaitasuna nabarmendu du Urrusolok, eta azaldu du hortik jaio dela ‘Irria’ aldizkariko monografikoa. Bere hitzetan, «Euskaraldiko haur eta nerabeen lantaldetik, sustatzaile papera eman nahi izan diegu, hau da, haien inguruko helduen xaxatzaile bihurtu daitezen nahi dugu. Modu honetan, ahalik eta jende gehien Euskaraldira erakartzeko helburuarekin».

Elkarlanean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatzeko moduko materiala sortzea erabaki zuten. Urrusolok azaldu du dagoeneko kalean den aldizkariaren emaitza: «Aldizkaria unitatera molda zedin, egokien iruditu zitzaizkigun lau atal aukeratu genituen: Eider Eibar eta Miren Amurizaren ‘Lagun komikia’, Unai Elorriaga eta Julen Tokeroren ‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots’ ipuina, Miren Agur Meabe eta Eider Eibarren ‘Txoko Txiki Kuttuna’ ataleko olerkiak eta Joseba Ponceren ‘Haur kantak’ atala».

Auzolana

Halaber, Mugikak elkarlana eta auzolana azpimarratu ditu «guztion beharra baitago euskararen geroa ziurtatzeko bidean». Adierazi duenez, «Euskaraldia dugu elkarlanaren eta auzolanaren eredu on bat, gizarte eragilekok eta administrazioa batera, norabide berean lanean».

Hori dela eta, «hasieratik izan dugu argi ekimena sustatzeaz gain, bestelako ekarpen batzuk ere egin behar genizkiola ekimen honi, eta bide horretan, besteak beste, gure webgunean aurkitu dezakezuen gida bat ere kaleratu dugu».

AEK-k sortu dituen material didaktikoak Helduen Euskalduntzearen Curriculumak dituen mailen arabera antolatuta daude: A1, A2, B1, B2 eta C1. Mugikaren hitzetan, «ikasle guztiei erantzuna emateko egin ditugu eta, jakina, ikasteko prozesuaren barruan aurrez aurreko mailetan zein autoikaskuntzan dabiltzan ikasleekin erabiltzeko pentsatuta daude».

Agerraldia amaitzeko, Dobaranek ere lankidetza azpimarratu du, eta azaldu du material guztia ikastetxe eta eskola guztien esku egongo dela, baita AEK euskaltegietan zein www.euskaraldia.eus atarian ere.