Nagore BELASTEGI

Kulturari bultzada bat emateko Outlet Musikala antolatu du Mungian Baga Biga disketxeak

Astelehenean hasi zen eta igandera arte luzatuko da musika ardatzean duen azoka txikia. Durangoko Azokaren formatuari jarraituz, Baga Biga disketxeko musikarien disko eta produktuak erosi, solasaldiak entzun, kontzertu akustikoak ikusi eta sinadurak lortzeko aukera dago Mungian.

Aneguria, Ritxi Aizpurua eta Ane Zabala atzoko solasaldian. (NAIZ)
Aneguria, Ritxi Aizpurua eta Ane Zabala atzoko solasaldian. (NAIZ)

Baga Biga disketxeak Outlet Musikala azokaren lehen edizioa antolatu du Mungian. Astelehean hasi zen eta igandera arte luzatuko da kultura eta, bereziki, musika bultzatzeko helburua duen ekimen hau. Ritxi Aizpurua editoreak kontatu digunez, Mungiako Zubikoa aretoan kokatu dute, 300 metro karratu dituen espazioan.

Batetik, salmenta puntua jarri dute taldeen disko eta merchandisingarekin. «Lehen ediziioa denez gure zilborrari begira egin dugu. Bulegoan ditugun taldeekin osatu dugu», argitu du argitaratzaileak. Bestalde, azoka musikarien parte hartzearekin osatu dute eta solasaldiak, jolasak, elkarrizketak edota zuzeneko kontzertu txikiak antolatu dituzte. Horietara 30 pertsona besterik ezin dira joan, babes neurriak mantentzeko.

Gaur gauean ETS taldeko Iñigok solasaldia eskainiko du eta ostean akustikoan arituko da. Honelako ekintzek jende gehien erakartzen dutenak direla jakinda, une puntual horietarako maskarak eta gela prestatu dituzte, eta distantzia soziala ziurtatuko dute. Atzo, Aneguria Ane Zabala kazetariarekin hizketan izan zen emakumeak musikan duen paperaren inguruan, eta igandean Doctor Deseoko Francis izango da.

«Durangoko Azokaren antzerako zerbait egin nahi dugu. Jendea taldeekin egotera etortzea, argazkiak ateratzea…», azaldu du Aizpuruak. Era berean, Baga Bigako diskoak oso prezio onean eskuratzeko aukera ere izango da. «Ez dugu merketu nahi kultura. Gure fondo guztia azokan dago, 5, 8, 10 eurotan salduko ditugu diskoak, eta gure funtsaren %75a euro 1ean. Horrek ez du esan nahi disko horiek depreziatu ditugunik, baizik eta duela urte batzuk ateratako disko horiek ez direla saltzen, eta nahi dugula jendeak eramatea duguna ikus dezan», argitu du.

Izan ere, prestatutako gauzak txikiak diren arren, jendeari erakutsi nahi diote musika ez dagoela geldi, bizirik jarraitzen duela nahiz eta denak «derrigorrezko ERTE batean» dauden. Udako kontzertuak antolatzean urteko fakturazioaren parte handi bat irabazten dute eta aurten ia denak bertan behera gelditu direnez, fakturazioaren %75a galduko dutela kalkulatzen dute. Azoka ere doan egiten ari dira eta jendea bertaratzea asko eskertzen dute. Nolabait, publikoak konzientzia har dezak bide bat da Outlet Musikala.