Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

QR kodea, USBa, biniloa, kasetea... cd-az harago bada musikarik

Entzunketa fisikoari digitalak hartua dio aurrea aspaldi musikan. QR kodea, USBa, kasetea... cd-aren gainbehera nabariaren aurrean hainbat dira bide berriak urratu eta euskarri anitzak aukeratu dituzten musika taldeak.

Skakeitan taldeak eskaintza berezia dauka Landakon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Skakeitan taldeak eskaintza berezia dauka Landakon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Landako Guneko musikako salmahaietan bueltaxka bat ematea nahikoa da ohiko euskarrien ondoan formatu berriak ugaltzen ari direla jabetzeko.

Euskal musika taldeak bide berriak bilatzen dituzte batez ere belaunaldi gazteengana iristeko. Baina ez bakarrik. QR kodea, USBa, kasetea, biniloa... hainbat dira cd-aren alternatiba moduan kaleratutako euskarriak. Begibistakoa da. Mundu mailako fenomenoa da, azken urteotan azaleratzen ari dena: cd-a gero eta gutxiago saltzen da. 

Horren jakitun, euskal talde batzuek hainbat alternatiba bilatzen dituzte batez ere belaunaldi gazteei zuzenduta. Baina ez bakarrik. Kontsumo bideak aldatuz doaz eta gero eta ohikoagoa da sarean entzutea gustuko taldeen abestiak.

Landako Gunean gaude eta 17-18 urte inguruko neska-mutil taldea sartu da bertara. «Zuk uste duzu koadrilla horrek cd-a erosiko duela? Zertarako? Ez daukate-eta gailurik entzuteko», bota du Iñaki Larrañaga Mauka-Airaka zigiluko kideak.

Kezkatuta ageri da. «Gaur egun disko fisikorik ez da saltzen, beraz eredu berri bateruntz joan behar dugu. Zer gertatzen da? Azoka dela orain arteko ereduaren bukaera errazen ikusten den tokia, euskal kulturgintzak daukan oasirik handiena, zeren urtean zeharreko salmenta desertua da».

Adinaz harago doa gainbehera, bere esanetan. Eta hausnarketaren garaia iritsi delakoan dago. «Musika sektorean lanean gabiltzanok birplanteatu beharko dugu zein den gure eskaintza –dio–. Momenturen batean zerbait sortu beharko dugu. Ez dakit zein den eredu berria, baina zalantza barik, diskoarena agortuta dago».

Online kontsumoak berebiziko indarra hartu du baina etekin urriak ematen dizkio bai sortzaileari, bai argitaletxeari. «Lehengoan tweet bat irakurru nuen. ‘Gaur hamabi binilo saldu ditut eta urte osoko Spotify erreprodukzioekin baino gehiago irabazi dut’, zioen bertan. Eta egia da, Spotifyk eta Youtubek oso-oso diru gutxi ematen dizute. Musika demokratizatu du eta oso positiboa da hori, puntako taldea eta hasiberria maila berean daude bertan, pozgarria da, inoiz baino musika dago. Baina ezin duzu lehengo diskoen salmentarekin parekatu», kontatu du.

Hainbat talderen estrategian ere ikusten da, Larragaren iritzian. «Lehen diskoa Azokan aurkezten zuten denek, orain hilero kantu bat ateraz zoaz eta hona iristerako ia lan osoa aurkeztua duzu. Etengabe elikatuz joan behar duzu, bestela jai duzu», esan du.

Kontu jakina da, zuzeneko emanaldiak dira gaur egun musikarien diru-iturri nagusia.

Mauka-Airakaren standean, beste hainbat lanen artean, Skakeitan taldearen lan berria, ‘Nola galdu denbora’, aurkituko du bisitariak. Begiratu hutsera disko arrunta da. Baina ireki eta cd-aren ordez QR kodea aurkitu du erosleak deskarga egiteko.

Izan da Landakon erosi ondoren horretaz ohartu eta bueltan joan denik salmahaira cda eskatzera. «Saiatu gara azaltzen, baina kasuren batean gertatu da, bai», diote Borja Anton eta Aitor Valcarlosek.

Izurri aurretik inbertsio handia egin zuen, «ekonomikoa zein artistikoa» Larrañagaren esanetan. Ingalaterrako ekoizle batengana joan ziren grabatzera eta nazioarteko bira antolatua genuen, Hego Korea, Japonia, Mongolia... Dena pikutara joan zen. Pandemia etorri eta hiru kontzertu bakarrik eman ahal izan zituzten.

Horren aurrean prozesu osoa dokumentalean jaso dute eta zuzeneko emanaldi bat ere bai. Berezia oso. «Pandemia garaian publikorik gabe grabatu genuen kontzertua –‘Eman ez genuen kontzertua’ izena jarri diogu– eta QR-arekin batera, pua, set-lista ere badoaz barruan. Bi abesti berri entzun daitezke, aurreko seirekin batera. Gaur egun cd-a bilduma-objektu bihartu da, plataforma digitalen bidez entzuten dute musika eta cd-an, formatu bezala, ez dugu sinesten», kontatu dute Anton eta Valcarlosek.

«Oraindik urte batzuetan existituko da cd-a baina garbi dago bukatzear dagoela, zailena alternatiba aurkitzea da. Ea zeinek asmatzen duen hurrengo formatuarekin», diote.

Saiakerak

‘Egon edo ez egon’ diskoa aurkeztuko du gaur Joseba Tapiak Ahotsenean. Erritmo dantzagarriak, letra alaiak, umorea eta keinu ironiko asko egosi ditu bere bederatzigarren lanean. ‘AHT’, ‘Zozo bezain zozoa’, ‘Zikinaga S.A.’ bezalako abestiak aurki daitezke disko berrian. Baita beste erregistro batean ‘Gudazkenez’, ‘Bizibarea’ edo ‘Nerbioiko zirgariak’. Koldo Izagirrerenak dira letrak

‘Guapos como Solano, leyendas como Tapia’ esaldia –Chill Mafiak ‘Barkhatu’ kantuan dioena gogoan– maiz entzun dugu azkenaldian. Dezenteko oihartzuna lortu du Hiru Damatxoren eskutik talde iruidarraren konplizitatearekin egindako kanpaina biralari esker.

Belaunaldi gazteengana hurbiltzea izan du helburu. «Beste hizkuntza bat, beste teknologia bat, beste irudimen bat, beste toki batean daude gazteak eta hurbildu egin behar da haien ondora, zeren gu baino bizkorrago dabiltza», esan dio NAIZi.

Gustura ageri da. Lortu duelakoan dago. «Bada esan didanik ‘ze ondo berriz itzuli zarela musikara!’ –kontatu du–. Ez bazara hedabideetan agertzen ez zara existitzen, hori horrela da».

«Gauzak aldatuz doaz, cd-a aspaldi akabatua dago, formatu berria bilatu behar da eta gazteak ari dira saiakerak egiten», gaineratu du.

Kanpainan bidelagun izan duen Chill Mafia taldeko dj-a, Sara Goxua, Azokara ekarritako azken kaseteak ari da saltzen. Kasetea entzun dezake zaleak eta era berean QR kodea dauka deskargatzeko. «Bildumazaleek gorde dezakete kasetea, gaur egun plataforma digitalak erabiltzen baititugu guztiok musika entzuteko», esan du.

Fisikoa berreskuratu behar delakoan dago. «Musikariok hortik ateratzen dugu dirua, eta hori ezean ezin proiektu berririk abian jarri, streaming-ak ez du ematen».

Ezin ukitu

Baga-Bigako arduradun Ritxi Aizpururen ustez «beti egongo da euskarri fisikoren bat, pendrive-a, cd-a edo dena delakoa. Jendeak erosten ditu, baina batez ere bilduma bezala gordetzeko».

Euskarri digitalak badu, oraingoz, akats bat bere esanetan. «Ezin da ukitu, ezin da eskuartean eduki, hodeiertzean dagoen hodeia da. Beti hodeiertzean eta inoiz ez eskuetan. Euskarri fisikoak aldatuko dira: biniloa, kaseta, CDa, pen drivea, eta etorriko diren berriak. Musika erosleak eskuetan euskarri fisikoa nahi du. ‘Fetitxe’ gose gara eta ezin zaio kea saldu musika zaleari. Edukitzaileak gara, mami edukitzaileak».

STR taldearen lana ekarri du, beste askoren artean, aurten Landakora. Eskaintza berezia hau ere, USB euskarrian ekoitzia eta bihotz apurtu moduan aurkeztu dutena. «Oso garestia da formatu honetan argitaratzea eta 600 ale atera ditugu, ea horiek saltzen diren zuzenekoeta begira jartzeko», dio.

Zortzi abesti biltzen dituen USB-az gain duela sei hilabete digitalean ateratako beste sei abesti biltzen dituen cd-a ere eskaintzen diote zaleei. Bi euskarriak uztartu ditugu».

Gorka Urbizu aurkitu dugu Berri Txarrak taldeak urtero Azokan jartzen duen salmahaian. Biniloak begiratzen ari dira zaleak. «Gehiena streaming bidez entzuten da musika, cd-aren gainbehera begibistakoa da. Egia da baita urteak daramatzagula hori aurreikusiz eta orain Durangon gure cd-ak saldu egiten direla. Gure apustua da euskarri fisikoa erosten duenak zerbait berezia eraman dezala. Gure biniloak beti dira 180 gramokoak, edizio oso landuak eta zainduak, mimoz eginak. Pixka bat garestiago ateratzen zaio erosleari baina euskarri fisikoa badauka, entzun eta irakurtzeko», adierazi du.

Gizarteak daraman abiadurari lotuta doaz kontsumo bide berriak. «Dena azaletik entzuten eta irakurtzen dugu eta horrekin bat datorrena streaming da».

Denetarik dago. «Entzule mota desberdina dago. Bada kaskoak jarri eta biniloa ordubetez entzunez gozatzen duenik eta bada musika edonon daukana eta haren kalitateari hainbeste erreparatzen ez dionik».

«Ulertzen dut industriak bere aurrikuspenak egin nahi izatea baina azkenean musikaz ari gara eta hori ez da aldatu, hor jarraitzen du emozionatzen», esanez amaitu du.