NAIZ

EHZ: edizio bero eta jendetsu baten ostean, 2026ko 30. urteurrenari begira

«Guri dagokigun erritmora dantzatu dugu aurten», bota du, zuzen eta pozez, Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolakuntzak. Bukatu berri den 29. edizioak helburu guztiak bete baititu, aitortu dutenez. Orain 2026 urtea dute helmuga, jaialdiak bere 30. urteurrena beteko baitu.

Giroa ezin beroagoa, bukatu berri den edizioan.
Giroa ezin beroagoa, bukatu berri den edizioan. (EH Zuzenean)

«Dantzatzen duen lurra ez da nehoiz hilko», gogorarazi nahi izan du EH Zuzenean jaialdiko antolakuntzak bukatu berri den 29. edizio bero –zentzu guztietan– eta jendetsuaren inguruan zabaldu duen hausnarketan. Hiru egunetan zehar, Arberatzen bigarren urtez burutu den jaialdiak milaka zale erakarri ditu Nafarroa Behereko herri txiki honetara.

Aurtengoa, teknikoki «pikoan agertu dela» aipatu dute. «Belaunaldiz belaunaldi transmitituriko tresna kulturalak eragina duen seinalea erakusten du aurtengo aldi aberatsak ere. Musika eta erresistentzia elez, gogoetarako eta engaiamendurako gogoa zabalduz gauzatu dugu festibala», gehitu dute.

Orain EHZren 30. urteurrenari begira daude, 1996an Arrosan hasi zen zikloa «ez baita sekulan isildu ezta hil ere. Arberatzen gira gaur egun, kultura folklorismotik eta azalkeriatik haratagoa dela aldarrikatuz», gehitu dute .

Aurtengori dagokionez, jaialdiak «emaitza ona eta emankorra ematen segitzen du». Papa Cumbiaren eta Zetkinen doinuekin giroa piztu zen ostirala... eta handik aurrera, giroa berotzen joan zen. Erresistentzia doinu bihurtzeko xedea du jaialdi berezi honek, NAIZen kronikan islatu den legez. 

Puntturik nagusiena, agian, Fermin Muguruza eta taldearen hitzordua izan zen. «Arberatzeko pentzea jendez lepo bete dute –ekarri du gogora jaialdiko antolakuntzak–. Euskal Herria Zuzenean belaunaldien arteko trukaketan oinarritzen denez, Fermin Muguruzaren kontzertuak adin desberdinetako festibalariak batu zituen, euskal musikaren erreferentziazko kantuak oholtzara ekarriz. Adin guzietako publikoari oroitarazi dio Piztu elkarteak sortu zuela EHZ festibala. Piztuk Irulegiko irratiarekin egin lanketak gaur egun arte eragina du musika eta gogoeta plazara ekarriz».