Odol fluxu murrizketa entrenamenduan

Odol fluxua murriztuta duen indar entrenamendua (BFR, ingelesezko sigletan) azkenaldian geroz eta gehiago aplikatzen ari den metodologia da, bai kirol arloan, bai errehabilitazioan. Baina zertan datza teknika hori? Indar entrenamenduan zehar, gorputz adarretan (besoak edo hankak) presio kontrolatua egiten da, banda elastikoen bidez, zainetako odol fluxua partzialki murrizteko.
Metodo honi esker, egokitzapen esanguratsuak sor daitezke, ohi baino karga askoz ere txikiagoak erabiliz (1RMren %20 eta %40 artean). Egokitzapenen gakoa sortzen den estres metabolikoa da: odol itzulera zailtzean, metabolitoak pilatzen dira zirkulazio sisteman, laktatoa adibidez, eta horrek giharretako zuntzen aktibazio handiagoa eragiten du eta intentsitate handiko entrenamenduekin lortzen direnen antzeko prozesu anabolikoak estimulatzen ditu.
Beraz, esan genezake, BFR entrenamendua karga handiak jasan ezin diren testuinguruetan dela erabilgarrien. Adibidez, lesio baten osteko errehabilitazio prozesuetan, mugak dituzten adineko pertsonekin edo deskarga faseetan. Era berean, tresna osagarria izan daiteke pisu gehiegi kargatu gabe estimulu desberdinak gehitu nahi dituzten kirolarientzat. Adibidez, kirolari indartsu batentzat, bizkar gainean 100 kg hartu eta sentadillak egin beharrean, antzeko estimulua lor daiteke askoz ere pisu gutxiagorekin eta odol fluxu murrizketa bat eraginez izterraren goialdean.
Hala eta guztiz ere, ez da beti teknika gomendagarria. Ez da gomendatzen arazo baskularrak, hipertentsioa, tronbosi aurrekariak edo gaixotasun kardiobaskular larriak dituzten pertsonen kasuan. Gainera, presioa edo gailuak behar ez bezala erabiltzeak arriskuak sor ditzake,
Horregatik, funtsezkoa da metodo hori ezagutzarekin aplikatzea eta, ahal dela, profesional kualifikatu batek gainbegiratzea; izan ere, presioa kontrolatzea, oklusio denborak errespetatzea eta ariketak behar bezala aukeratzea funtsezko alderdiak dira teknikaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Azken batean, odol fluxua murrizten duen entrenamendua tresna interesgarria da eta babes zientifikoa du, baina erantzukizunez erabili behar da, pertsona bakoitzaren ezaugarri indibidualetara egokituta.



