Etxea emakumezkoa da kostaldean -Doraterenean-

Marinelen auzoetan emakumeak, umeak eta zaharrak gelditzen dira etxean, eta berauek dira oina, zutarria, zeru-lurrak eta itsasoaren ertz bustia. Horko etxeak zein paretak gertuegi daude, azala eta hezurra bezala, elkarri pega-pegatuak, barruan preso gordetzen dituzten arimak legez. Hainbeste, ze etxe baten horma erortzen bada, ondokoarena ere askotan berarekin batera eskutik darama. Bai, arrastan eramaten du bizi batek bestea, familia batek bestea, miseria eta lokatzezko kresal usain berean. Etxeok, leihorik gabekoak izaten dira alboetara, eta orokorrean, izatekotan, bakarrik aurrean eta atzean izaten dituzte. Gurean hego-ekialdea dago aurrean, eta atzean ipar-mendebala. Atzea gogorra da, hotza da, haizetsua da, umela da, latza bere horretan. Aurrean, ostera, eguzki goxoak ematen du goizetik iluntzera, zilarrezko ispilu baten dirdiran. Eta holakoa da bizitza edo egunari aurpegia jartzeko modua ere. Baina, esan bezala, albotara ez dago leihorik. Eta horrek esan nahi du etxea luzetara eginda dagoela. Estua, estua eta luzea, eta luze horretan leku eman behar dio barruan bizi direnei. Ilunpe horretan estu bizi dira, baina gerizetako porrua legez luzetara zein gorantza zabalduz, gorantza hazten da etxea, eta solairuek ere holaxe hartzen dute zerurako bidea. Sotoa, ostera, infernuko zuloa baino beherago dago, eta askotan bodega hori ere etxe bihurtzen da, eta halako moduko beste bat ateratzen da harriari janda. Han ere, gerora, trentza eta trasteentzako lekua egiteko edo enbarkazioko sareak sartzeko, edo dena delakorako bazterra aterako da hutsari ostuta. Eta, esan bezala, hor ere, jendea bizimodua egiten hasiko da, eta geroxeago goiko solairuan eta hurrengoan, eta denborarekin, ganbara zena ere aihen belarraren parte bihurtuko da. Halatan, kale aldetik sartuz gero, bada, beheko lehenengo oina, bigarrena eta hirugarrena besterik ez dira izango, baina ez, Udalarentzako ez, ordenantzetan eta Erregistroan lau etxebizitza egon daitezkeelako, eta ondo begiratuz gero, deitura bera ikusiko duzu eskailera guztian zehar. Izan bere, eskailera hori ere zerbait bada, bizkarrezur baten moduan zabaltzen den enborra dugu, sustraietatik gorantz lekua eginez, eta ezerezetik erresuma berria sortuz. Arbolak lekua hartzen duen modu berean, izarrarterantz doa isil-isilik. Ondo begiratuz gero, zaharrenak behealdea hartzen, eta txita gazteek adarrik adar goialdea harrapatzen ikusiko dituzu. Txorien antzera, batzuk artatxoriak, besteak mozoloak, baina usorik ez, usorik ez da inon ageri. Horiek hegalpean sartzen dira. Aldiz, kaioek haitzartea utzita herri partera sartzerakoan, teilatu gainean egiten dute habia. Saskarrak dira benetan, etxekoiak, algaratsuak, zalapartariak, zikinak, eta bereari besterik ez diote begiratzen. Askotan pentsatu izan dut hildako marinelen arimak direla, euren arteko eztabaidak, errietak, eta mokokadak ikusita. Bai, elkar hiltzen ere ikusiak ditut, sarri. Baina kontuz, kalatxoria ez dena euren parajean sartzen bada, igual, handik ez da onik aterako. Halakoxeak dira marinelen etxeak zein auzoak, eta bertako bizimoduak ere tankera berean kulunkatzen dira olatuen artean. Behintzat, horixe ikasi eta bizi izan dugu, gurean, besterik ez zegoen. Harri baten gainean eraikitako etxea zen gurea, itsaslabarreko haitzaren gainekoa, eta herriko kalerik zaharrena bere ardatz bakarra, eta pare-parean itsasoa, asegaitza, gerora portu. Eta portu izateak zeozelango legea ekarriko zien bazter haiei: beharra, hartu-eman, atzera-aurrera, gobernua eta euron menekoei. Holaxe azaldu ziren polizia mota ezberdinak denboralean zehar: bai karabinero, bai mikelete, bai txapeloker, bai aguazil, baita kolore ugerragoak ere. Beti txapela albo batera etzanda, eta beste bandan makila edo burdina. Marinelek ere burdina soinean beti, lanabes moduan edo antzekoetarako, garbitu beharreko dena delakorako, trapuarekin batera eraman izan da, eta askotan trapua erabiltzen da ganibeta edo honek zikindutakoa zuritzeko. Ahobizarretik odola garbitzeko bada ere. Beti arraina garbi. Ze arraina zein kaldarra zertzeko erabili izan da labana. Tripak ateratzeko, burua mozteko, ezkatak garbitzeko, lotu beharreko txikotak ebakitzeko, egurrari punta atera ostean zorrozteko edo edozertarako. Lehenago sakratua zen, behintzat, kutxilloa. Horregatik, ume-umetatik erakusten zitzaion etxeko txikiari zelan hartu, zelan erabili, zelan gorde, eta zelan hitz egin -eskuetan bat badara-bilzu-. Izan ere, erregelak daude, inon idatzi gabeak izan arren, etxeko txikiak jakin beharrekoa sasoiz ikasten ez badu, gerora txarto beharko du -hil ala biziko kontuetan dabilenean-. Asko dakite horretaz, gurean, Kuban, Al-Hoceimas-en, Filipinetan, Beiruten edota antzekoetan ibilitakoek. Galdetu bestela, inork deitu gabe eskaileretan gora, isil-isilik katua lez, barrura dzanga sartu zitzaigun txaputxeroari, itaundu ea gogoan duen Dorateren etxea.




