Maider Quintanilla Lago
ARKITEKTURA

Aire zabalean ikastea

Ikasturte hasieran, hezkuntza-ildo erakargarri eta berritzaileen balioa nabarmentzen da. Horien artean daude kanpoko espazioak ikaskuntza prozesuaren oinarri dituztenak: baso eskolak. Ikasgela eta natura uztartzea da horien funtsa, ikastea osasuntsuagoa eta dibertigarriagoa izan dadin, eta, aldi berean, hezigarria… edo are hezigarriagoa.

(Getty Images)

Udako oporraldian, kaleek, parkeek eta naturaguneek protagonismo berezia hartzen dute haurren eta gazteen egunerokoan. Ikasturtea hasten denean, ordea, paisaia aldatu egiten da: denboraren eta jardueren zati handi bat ikasgelan gertatzen da. Kanpoko espazioa aisialdiarekin lotzen dugu sarri, eta ikasgela, berriz, ikaskuntzarekin. Badirudi batak jolasteko eta besteak ikasteko balio duela. Baina zergatik ulertu behar ditugu bi esparru horiek bata bestearengandik hain bereizita?

Aire zabaleko hezkuntzak urruntasun hori bera jartzen du zalantzan. Izan ere, ez du ezagun dugun ikasgela baztertu nahi, ezta natura haren ordezko bihurtu ere; aitzitik, bien arteko harremana birpentsatzen du, eta azpimarratzen du ingurunea ikaskuntza prozesuaren parte izan daitekeela. Ikuspegi horretatik, zuhaitzak, baratzeak, parkeak eta inguruko paisaiak ez dira ikasgelatik kanpoko apaingarri edo atrezzo hutsak, baizik eta, ikasitakoa errealitatearekin uztartzeko, eta, esperientzia zuzenetik abiatuta, ulermenean sakontzeko aukera ematen duten hezkuntza espazioak.

Lehen begiratuan proposamen berritzailea dirudien arren, ibilbide historiko luzea du ildo pedagogiko horrek. Aire zabaleko lehen eskola esperientziak XX. mendearen hasieran sortu ziren Europan, bereziki haur ahulenen eta gaixoenen osasuna zaintzeko helburuarekin. Garai hartan, funtsezkotzat jotzen zen eskola ingurunean aire garbia, eguzki argia eta, oro har, ingurune osasungarria bermatzea, eta, denborak aurrera egin ahala, esperientzia horiek agerian utzi zuten naturak osasun fisikoan ez ezik, hezkuntza prozesuan ere ekarpen esanguratsua egin zezakeela.

Ohiko ikasgela batean ikastearen eta kanpoan ikastearen arteko aldea erakusten duen diagrama. (Maider Quintanilla Lago)

Espainiar Estatuan, mugimendu horren erreferente nagusietako bat izan zen Rosa Sensat. Hezitzaile eta pedagogo katalanak 1914an jarri zuen martxan lehenengo baso eskola, Bartzelonako Montjuïc mendian. Haren proposamen pedagogikoan, eskola ingurune naturalean txertatzen zen, eta ordura arte ohikoak ziren ikaskuntza espazioen ordez, kanpoaldea haurren eguneroko jardunaren eszenatoki nagusi bihurtzen zen. Ikuspegi horren ildotik, jarduera pedagogikoa ez zen azalpen teorikoetara mugatzen; horren ordez, behaketa, ibilaldiak, ariketa fisikoa eta jolasa ikaskuntza prozesuaren funtsezko egitasmo bihurtzen ziren. Hala, ikasleak ez zuen hartzaile pasiboaren rola betetzen, baizik eta modu aktiboan parte hartzen zuen eragilearena.

Nola txerta daiteke, bada, ikuspegi hori eguneroko jardunean, inguruko edozein elementu ikaskuntza prozesuaren abiapuntu izan daitekeela aintzat hartuta? Zuhaitz baten altuera neurtzeak matematika lantzeko aukera ematen du; urmael bateko organismoak behatzeak, berriz, natura zientzietako hainbat kontzeptu aztertzeko; eta paisaia deskribatzeak, hizkuntza lantzeko. Horrela, ikasleek ikasitako kontzeptuak egoera eta objektu errealekin uztar ditzakete, ezagutza abstrakzio hutsean gera ez dadin.

Natura ikasgela bihurtuta; nerabeak lorategi botanikoan pinaburuak biltzen. (Getty Images)

Gaur egungo ikastetxeetan ikuspegi hori praktikara eramateak, jakina, zenbait erronka dakartza. Eguraldiaren gorabeherek, segurtasun neurriek, taldeen antolaketak, ordutegien kudeaketak eta irakasleen arteko koordinazioak, besteak beste, plangintza eta egokitzapen zehatza eskatzen dute. Era berean, ikastetxe guztiek ez dute basorik, ibairik edo ingurune natural zabalik eskura, eta horrek aire zabaleko jarduerak diseinatzea zaildu dezake. Hala ere, espazio faltak ez luke ikuspegi hori baztertzeko arrazoia izan behar, aire zabaleko hezkuntzak ez baitu ezinbestean naturagune berezirik edo baliabide handirik behar. Beste modu batera esanda, ikastetxearen ingurune hurbilena bihur daiteke ikaskuntza prozesuaren abiapuntua; hau da, patioek, lorategiek, baratze txikiek, inguruko plazek edota eskolara iristeko bideek aukera ugari eskaintzen dituzte curriculumeko edukiak errealitatearekin lotzeko eta ikaskuntza esperientzia zuzenaren bidez aberasteko. Gakoa ez da ingurune natural ikusgarri bat izatea, baizik eta eskura dagoen espazioa beste begirada pedagogiko batez irakurtzea eta haren hezkuntza aukerak aprobetxatzea.

Azken batean, aire zabaleko eskola ez da eskolatik irteteko aitzakia, ikasteko espazioak berriz pentsatzeko aukera baizik. Ikasgela, patioa, laborategia edo basoa izan daitezke ikaskuntzarako leku, baldin eta galderak pizteko, esperientziak sortzeko eta ulermena sakontzeko aukera ematen badute.

Eskolak hormak izan ditzake. Baina ikaskuntzak ez du zertan haietan amaitu.