Iruzurti
Iruzurtiaren sindromearekin bizi naiz. Egunero. Une oro. Lan aukera on bat dudan aldiro. «Ez naiz gai izango hori egiteko». «Nola aukeratu naute ni!». Inoiz ez naiz gustura geratzen. «Edonork egin dezake nik baino hobeto». Gutxitan ikusten dut nire burua telebistan, zorrotzegia naizelako. Perfekzionistegia. Gaiztoegia. Eta ez naiz bakarra.
Langileen %88k sentitu omen dute noizbait iruzurtiaren sindrome madarikatua. Bereziki emakumeak gara, gainera, nahikoa ez izatearen presio hori sentitzen dugunak. Lanean erdipurdiko maila duten gizon asko ikusten ditut bularra puztuta. Berdin zaie zer egin eta nola egin. Konfiantza osoz egiten dute, munduko onenak balira bezala. Ziur Donald Trumpek ere ez duela sekula iruzurtiaren sindromerik sentitu.
Duela bi urte mahai-inguru bat gidatu nuen BEST Bizkaiko emakume sortzaileen topaketan. Profesional bikainak neuzkan alboan: milioika liburu saldutakoak eta sari garrantzitsuak jasotakoak. Eta, hala ere, denek aitortu zuten merezi ez duten lekuan egote horren sentsazioa sentitu dutela. Tristea da. Urteetan zapalduta eta zaintza lanetara kondenatuta egon gara. Gizonek baino gutxiago kobratu dugu lan bera egiteagatik. Eta gauzak aldatzen hasi diren honetan, geu ari gara geure buruari balioa kentzen.
Zutabe honekin ere sarritan sentitu dut iruzurtiaren sindromea. «Nori interesatzen zaio nik idazten dudana?». «Baleko zutabea da, baina ez da ona». Lehengoan, baina, harrituta geratu nintzen euskara irakaslea den lagun baten mezua irakurri nuenean: «Uribe, unibertsitatera sartzeko proban zure testua jarri dute euskara azterketan». Antza, 7Kn idatzitako testu bat jarri zuten selektibitateko bigarren deialdiko euskara azterketan. Eta orduantxe esan nion neure buruari: «Argitaratzen diren testu guztien artean nirea aukeratu badute, ez zen txarra izango!».

«El sentimiento de soledad me incita a escribir»

Maria Cristina: Oligarkiaren liberalismoa

La fibra que hace dos siglos enriqueció Yucatán hoy apuesta por un futuro sostenible

¿A qué temperatura sabe mejor la comida?
