Jon GARMENDIA
Idazlea

Odisea

Diaspar da gizakiek eraikitako azken hiria. Beste guztia basamortua da. “The City and the Stars” liburua irakurtzen baduzu, kokagune horretan aurkituko zara. Mila milioi urte barru gertatuko da hori. Clarke izan zen argudio horren sortzailea, idazle handia. Kontakizunean, Diasparren zeuden munduan gelditzen ziren gizaki guztiak; nora ezera konfinatuak zeuden. Atomoetatik sortzen zuten janaria robotek, desagertutako objektuak berreskuratzen zituzten, ahal zuten maneran historia berregiten zuten. Nehork ezin zuen hiri hartatik atera halere, inork alde eginez gero, gizaki guztien gainean eroriko baitzen herra berriro. Baina hor zebilen Alvin gaztea, tunel zuloen xerka, eskapatu eta gizadi berri bat sortzen saiatzeko.

Urte batzuk geroago, 1968an, “2001: A Space Odyssey” idatzi zuen Clarkek, fama filmaren zuzendari Stanley Kubrickek eraman bazuen ere. Bi liburuak dira fikziozkoak, eta bietan kontatzen dena, 2015. urtean, gure herri zaharraren soinera josi daiteke. Adibidez, Oier Oa donostiarra adibide hartuta. Larunbatean irten zen kartzelatik eta Hauts-de-Seine departamenduan asignatu dute, Saint-Germain-en-Laye hirian; egunean hiru aldiz sinatu behar du polizia-etxean. Aurrez beste askok sufritu dute halakorik, egun, betirako zigorrekin kartzela zuloetan konfinaturik daude beste asko. Eta, zulo ilun horretarik irten, eta gizadi berri baten sortzeko tunela aurkitzea gero eta beharrezkoago bilakatzen ari zaigu.