Jon GARMENDIA
Idazlea

Zerupean

Zeru horiek ez ziren hain urdinak, ez ziren zabalak, ez ziren arinak, sinpleki, guk imajinatu genituen hala. Heldulekuak falta direnean, edozer gauzak balio baitu oraleku izateko, itxaropena hari lotu, eta aurrera egiteko motiboak xerkatzeko. Zuriz jantzitakoak iragarri baitzigun beltzena. Eta koloreak galtzear geundenean ikasi behar izan genuen margotzen. Harritu gintuen halere gure itxaropenak, jakin gabe, barnean geneukalako soberan, bi zentzutan; hargatik atera genuen barnetik, eta atera, eta atera, eta lokarri gordiar bat eginda etorkizunari lotu genion. Eguzkiari eskaini genion aurrena, mendiari ondoren, eta itsasoari gero, baina gaztetan irakurri genuen liburuak aipatzen zuen bezala, itsasoak ez du esperantzarik. Eta han ito ziren gureak, igeri egiten saiatu baino lehen. Orduan borroka planteatzen baikenuen, eta etsaia ttipia zen, behintzat ez genuen hain handi ikusten, nahiz eta jakin gupidagabea zela, eta sega zorrotza zeukala, arraitzen beharrik gabe bekaizkeriaz zorroztua. Bestalde, itzal beltzaren arnasa sumatzen zela abisu ematen zigutenei ez genien kasu egiten, zertarako. Eta gaur, gure hortzen karraka baino entzuten ez dela ohartzen garenean ohartzen gara denborak ekarri gaituela atzera, berriro, zalantzara, ezinbizira, dena malko eta min den zerumuga ilun hartara. Gu, aurrera gindoazela usteta. Beharbada, denborarekin ulertuko dugu berriro, beste aterabiderik ez geneukala, eta egin genuen bezala egin behar genuela, berriro parada suertatuz gero, gainera, manera berean egingo genukeela. Apika, beltzak begi niniak iluntzea baino hobe baita zeruak urdin imajinatzea, nahiz eta gero, buru gainera eroriko zaigun, ezin imajina genezakeen pisuaren pisuz.