Jon LEUNDA
BIGARREN MAILAKO TXAPELKETA

Aizkolari asko daude maila nagusiari begira jarrita

Bihar arratsaldean, 18.00etan, Lakuntzako plazan jokatuko da Bigarren Mailako kanporaketa.

Aizkoran urte guztiko zitarik garrantzitsuenetakoak jokatuko dira hemendik aurrera. Bihar, 18.00etan hasita, Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko da Lakuntzako plazan. Aurreneko sei aizkolariek finala jokatuko dute. Azken biek datorren urtean Hirugarren Mailan aritu beharko lukete, baina Jexuxmari Lasak eta Joxemari Telletxeak uko egin diote parte hartzeari eta biek galduko dute maila. Ondorioz, alde horretatik behintzat lasai aritu ahal izango dira bihar arituko direnak.

Honako aizkolari hauek hartuko dute parte: Arkaitz Jauregi, Jexuxmari Mujika, Luix Txapartegi, Aratz Mugertza, Xabier Zaldua, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Aitor Senosiain, Oihan Larretxea, Julen Kañamares, Iker Vicente eta Mieltxo Mindegia. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu.

Finalean zein sartuko diren jakite horrek ikusmin handia piztu du, dauden ia denak gai baitira helburu hori lortzeko. Kanporaketa honetan, gainera, mordo bat dira maila nagusian aritutakoak. Besteak beste, Mujika, Txapartegi, Saralegi eta Senosiain II.a Lehen Mailan ere aritutakoak dira, eta aurreneko biak, gainera, baita finaletan sartutakoak ere.

Garbi dago lau horiek aurten ere zerrendan sartzeko faboritoen artean egongo direla. Ruben Saralegik orain dela bi urte jantzi zuen maila honetako txapela, baina iaz ezin izan zion maila nagusiari eutsi, eta aurten Bigarren Mailan berriro ere faborito agertuko da. Senosain II.a ere igo eta jaitsi ibiltzen den horietakoa da. Arkaitz Jauregik eta Eneko Otañok ere bikain daudela erakutsi dute, eta Oihan Larretxea ere inork ez du bazterrean utzi nahi, ongi badago sartu beharko lukeelako. 

Aurten, begi asko Iker Vicenteri begira egongo dira. Bera da txapelketa honetako gazteena, eta iaz aise irabazi zuen Hirugarren Mailako txapela, nahiz eta gazte mailan aritzeko adina izan. Horrek garbi erakusten du nolako maila duen. Itxaropen asko daude berarengan jarrita eta txapelketa ea horiek denak betetzen saiatuko da aizkolari gaztea. Mugertza III.a ere oso maila onean ari da, eta Zalduak ere askotan jokatu du maila honetako finala. Kañamares III.a trontzan sartuta ibili da, baina orain aizkorako dago eta oso kontuan hartu beharko da.