Surflari Ernegatua

Ziaboga betean

Lehenik Mundakan bildu ginen, bizkaitarrekin, eta, gipuzkoarrekin, berriz, Zarautzen. Helburua honakoa zen: surflariok erabiltzen ditugun hitz eta kontzeptuak guztion artean euskaratu eta aurrerantzean erabiltzen hasteko urratsak adostea. Esperientzia zinez aberasgarria izan zen.

Axi Muniain zen antolatzailea, eta, deia jende askori luzatu bazion ere, parte hartzea eskasa izan zela onartu behar da; guztira hogei bat pertsonak hartu genuen parte ekimenean. Gabon garaia izateak ere eragin zuen, noski, baina kuantitatiboki lortu ez zena kualitatiboki lortu zen. Izan ere, bileretako parte hartzaileen esperientzia eta egindako ekarpenak kontuan hartuta, pozik egoteko moduan gaude. Gainera, bileren ostean surf komunitatean ekimenak izandako oihartzuna ere zabala izan da. Orain, argazki ponpoxoetatik harago egunerokoan eragin eta adostutako hitzak erabiltzen hastea falta da.

Urte luzez surf munduan euskaraz jardun eta euskaraz lan egin duten arren, parte hartzaile batzuk ez ziren pertsonaia ezagunak. Horiek jada etxeko lanak eginak ekarri zituzten, aspalditik baitabiltza surfeko kontzeptuak euskaraz nola esan behar diren pentsatzen. Surflari ezagunak ere baziren, komunikabideetan egiten dizkieten elkarrizketetan nola hitz egin behar duten erabaki behar baita, guztiek hitz berberak erabil ditzaten. Kepa Acerok esaterako, tubo hitza itzultzeko bizkaitar batek egindako proposamena defendatu zuen, «aurrerantzean, ‘urtzulo’ esan dezakegu». Izan ere, Acerok olatuaren erraietan gaudenean sortzen den hutsunea Oteizaren obren hutsunearekin alderatzen du, eta kontzeptu berriak, nahiz eta hasiera batean barregura eragin, oso ondo deskribatzen du berebiziko egoera hori.

Aritz Aranburu ere han izan zen eta ekarpen polita egin zuen. Bera etorri zenean sneaking kontzeptua nola itzuli ari ginen eztabaidan. Sneaking esaten da, txapelketan edo urautsian gaudela, norbaitek fede txarrez lehentasuna izateko lekua ebazten digunean. Zarauztarrak, “ziaboga” hitza proposatu zuen, eta aho batez onartu genuen proposamena, ezin hobeto deskribatzen baitu norbaiti lekua hartzeko egiten den ariketa maltzurra.

Esan bezala, jada abian gara. Lehen urratsa, teorikoa, asko aurreratu da. Orain praktikoa falta da, txapelketetako hizlariek hitzak ikastea, surflariek erabiltzea eta kamera aurrean hitz egin behar dutenek adostutako hiztegia baliatzea. Norabide onean, ezinbesteko ziaboga egiten hasi garen garai hauetan, “urtzulo” bikainak opa dizkizuet 2016an.