Aitzol Atutxa izan da Bizkaiko sagardo berria dastatzen lehena

Aitzol Atutxa aizkolaria Bizkaiko sagardo berria dastatzen lehena izan zen atzo Zornotzako Uxarte baserrian, sagardo denboraldiari hasiera emanez. 400 urte baino gehiago daukan baserri hori agertoki hartuta, Bizkaiko Sagardogileen Elkartea osatzen duten bederatzi artisau-upategiek hartu zuten parte txotxaren irekiera ekitaldian.
Aurten 180.000 litro gordetzen dituzte Bizkaiko kupelek, aurreko denboraldian baino 30.000 litro gehiago. Ekoizleek nabarmendu zutenez, iazko eguraldiak sagardo berezia ekarri du. Izan ere, udaberriko eguraldiak loraldian «eragin zuzena» izan zuela azaldu zuten, eta era berean, uda siku eta eguzkitsuak fruitua umotzen ere «ezinbesteko garrantzi handia» izan duela aipatu zuten.
Horregatik, ezaugarri nagusi gisa zehaztu zuten «gorputz ederrekoa» dela sagardo berria. Aurreko urtekoarekin alderatuta, alkohol graduazio altuagokoa ere bada hainbat kasutan. «Aurtengoak sagardo freskoak dira, arinak eta edan errazak, tanino edo polifenol gutxiagokoak eta iaz baino gradu alkoholiko altuagoarekin gehienetan», argitu zuten ekoizleek. Horrez gain, usain freskokoa, ahoan gorputz ederrekoa eta txinparta finekoa.
Aitor Intxaurraga Bizkaiko sagardogileen elkarteko presidenteak adierazi zuenez, «oso gustura» daude ekoizleak lortutako uztarekin, «sagar asko eta ona» izan baita. Klimaren eragina ere nabarmendu zuen, «produktu hobea eta gehiago» lortu delako. Atutxa aizkolariaren ondoan, Lucia Isla Bizkaiko Aldundiko Ingurune Saileko zuzendaria, Peli Manterola Lakuako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendaria eta Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea izan ziren, besteak beste.
Atzoko ekitaldian nabarmendu zuten, bestalde, Bizkaiko ekoizleek bertako sagarrak erabiltzen dituztela sagardotarako.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
