Ariane KAMIO
DONOSTIA

Indotxinara edo heriotzatik urrutira, ihesaldi saio bat

Txalo konpainiak «Heroiak» antzezlana estreinatuko du gaur Bilboko Arriaga antzokian. Ramon Agirrek berak euskarara egokitutako obra da, jatorriz Gerald Sybleyrasek idatzi zuena. Agirre bera igoko da taula gainera, Jose Ramon Soroiz eta Kandido Urangarekin batera. Zahar-etxe batean bizi diren hiru agure izango dira, handik ihes egiteko plan bat osatzen saiatuko direnak. Indotxinara joatea dute helburu, baita heriotzari ihes egitea ere.

“Heroiak” lana estreinatuko da gaur Bilboko Arriaga antzokian. Txalo konpainiaren azken proiektua da, Ramon Agirreren egokitzapenaren ondotik sortua. “Le vent des peupliers”, Gerald Sybleyras antzerkigile frantsesaren jatorrizkoa, euskarara ekarri du antzezle donostiarrak eta bera ere igoko da oholtzara Jose Ramon Soroiz eta Kandido Urangarekin batera. Komedia samur modura ikusten du Agirrek antzezlana, zahar-etxe batean bizi diren hiru gudari ohik terraza batean eserita egiten duten gogoeta oinarri hartzen duena. Enrique, Gustavo eta Felipe dira. Hirurek pairatzen dituzte gerraren ondorioak; herrena da bata, agorafobia du besteak eta hirugarrenak zorabioak ditu buruan duen metraila arrasto baten eraginez. Zahartzaroa eta denboraren igaroa. Hirurek bizitzaren azkeneko etapan dituzten eztabaida eta hausnarketen biltze bat da. «Bik denbora gehiago daramate han, hirugarrena da etorri berria. Hiru horien arteko harremana, barreak eta eztabaidak dira hezur-muina. Han pasatzen dute eguna, bizitzaren joanari begira. Heriotzaren mamua beti hor dago eta horri ihes egiteko beraien jolasak, eztabaidak dituzte», adierazi du Ramon Agirrek berak. Denbora nola pasatu, nola bete, heriotza nola ahaztu, nola gainetik kendu mamu hori.

Halako batean, ordea, lagunetako bati handik ihes egitea bururatuko zaio. «Heriotzari ihes egitearen metafora gisa uler daiteke, oso modu fantasiosoan –azaldu du–. Umeak bezalakoak dira. Zahartzaroan umeen antza hartzen omen dugu. Eta ihes egitea, nora? Ba, Indotxinara. Eta umeek jolasak hartzen dituzten bezala, haiek ere serio-serio egiten dute beraien plana. Misio bat izango da», gehitu du.

Ez da gerra istorio bat

Hiru protagonistak militar ohiak badira ere, “Heroiak” antzezlanak aurkezten duena ez da gerrari buruzko istorio bat. «Gerrak utzitako kalte kolateralak badituzte, hori dute amankomunean, baina gerra ez da gaia. Komedia klabean egina dago, samurra da, momentu poetikoak ere baditu», esan du.

Bakardadea da jorratzen duen beste gaietako bat. «Familiak han utzi ditu aparkatuta. Zaharrek nola pasatzen duten denbora, nola eztabaidatzen duten. Hiru nortasun diferente, hiru profil desberdin, jokoa eman dezan». Eta nola duen batak bestearen beharra, «triangelu bat da, bat faltatuz gero, hankamotz ere geratzen baitira».

Ez da “Heroiak” Ramon Agirrek euskarara ekarri duen lehen lana; lehenago ere antzezlan batzuk itzulia da. «Gauzak ondo egitea beti da zaila, baina hemen erregistroa erraza da. Gauzatxo batzuk eransteko askatasuna ere hartu dut, aprobetxatuz urruti gaudela… Gustura egin dudan gauza bat da», nabarmendu du.

Gaur iluntzeko 20.00etan estreinatuko da antzezlana Arriagan, Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean. Hortik aurrera, hainbat hitzordu finkatu dituzte dagoeneko datozen asteetarako. «Ez da beti gertatzen», aipatu du Agirrek, baina hogei emanaldi inguru baieztatu dituzte dagoeneko.