Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Martxoko kronika

Duela 40 urte udaberri hautsi baten legez entzun dugu oraindik ere hotzikara eragiten duen Lluis Llachen “Campanades a morts” zirraragarria. 40 urte igaro diren arren, gure memoria kolektiboan txertatua daramagu Gasteizko Zaramaga auzoan erail zituzten langile gazte haien lorratz hautsia. 40 urte dira eta inpunitateak bere horretan jarraitzen du; herriak, egia eta justizia eske. Gogoratzea beharrezkoa da, egunotan Angela Davisek esan bezala, baina nostalgia eta memoria gauza ezberdinak direla zehaztu digu, nostalgia ez bezala memoria aldarrikatu egiten baita, sei urte eta erdi kartzelan egin ostean Otegik Belodromoan Periko Solabarriarena aldarrikatu zuen bezala. Udaberri hautsi baten ekinokzioa aurreratu balu legez agertu zaigu Otegi hitz-jarioa galdu gabe, enpatia eta zentzu komuna aldarrikatuz. Aznarrek profeta faltsua deitu dio; Maneirok, eskuak odoleztatuak dituen terrorista; Egibarrek, berriz, bere diskurtsoak defizit etikoa daukala dio, baina guk bezain ongi dakite Euskal Herrian ez ezik kanpoan ere Otegi ezker abertzaleko militantea baino harago doan zerbait dela, politikari arrunt eta tristearen ondoan buruzagi izateko dohainak dituela, edozein herritarrengan ilusioa pizteko ahala duela, zetazko eskularru baten barruan ukabila itxita baitakar irribarrea galdu gabe.

Udaberri hautsi baten legez hautsi zituzten ere duela 108 urte New Yorkeko fabrika batean 146 emakumeren ametsak. Gasteizko langile haiek orain dela 40 urte bezala, soldata miserable eta lan baldintza kaxkarren kontra borrokatzen ari zirela erail zituzten. Harrezkeroztik Martxoaren 8ak salatzen duen logika patriarkal eta kapitalista horrekin amaitzeko borroka ez dela irabazia gogorarazten digu kontzientziak. Biolentzia matxista estrukturala dela eta prekaritateak zein pobreziak emakume aurpegia duela gaur egun ere.

Benedettiren “Udaberri hautsia” liburuan bezala, martxoak salaketak, memoria kontuak, atxiloketak eta maitasun keinuak ekarri dizkigu denak batean. Ertz bat hautsia duen arren, negua atzean utzi eta itxaropena berrituko duen esperantzarekin.

Ilusioa ernamuindu da berriro, ilusio horren loratzea denon esku dago orain.