GARA
IKAZTEGIETA

Ikaztegietak eskola txikien ekarpena goraipatu du, festan

Ikaztegietan ospatu zuten atzo haur eta gurasoek Eskola Txikien egun handia. Aurtengoa, antolatzaileek egun batzuk lehenago iragarri zutenez, «festa xumea» izan da, haurrengan zentratua.

Xumetasunak xumetasun, haurrek ondo baino hobeto pasatu zuten. Lau gunetan banatu ziren jarduerak eta jolasak: zirkua, munduko jolasak, eskulanak eta osasuna-baserria. Ipuin kontalariaren fantasiak, joko libreak eta Gorriti eta bere animaliek osatu zuten jai eguna.

Atzokoa 29. edizioa izan zen eta urte asko igaro diren arren, leloari eutsi diote urteotan: «Eskola txikiak bizirik, herria eta auzo txikiak bizirik». Antolatzaileek adierazi zutenez, «eskola txikiak bizirik iraunarazteko taupada bat gehiago da festa egun hau, baina egunero lanean diharduten irakasle, ikasle, guraso eta herrien lankidetza da urte hauetan zehar herri eta eskola txikiei bizitza eman diena eta aurrerantzean ere emango diena».

Ikaztegietak 1994. urtean ospatu zuen jai egun hau lehen aldiz. Datorren urtekoa zifra biribila da festarentzat, 30. urteurrena baitu.