Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Tifoiak nola eratzen diren

Geure buru geopolitiko-kulturalaz (oraindik) dugun estimu neurrigabeak apenas uzten digun hara begiratzen. Siria-Turkia-Errefuxiatuak-EI-Brexit-Trump da gure eguneroko menua, dosiak eta hurrenkerak nahasiz. Baina horrekin zerikusirik ez duen tifoi politikoa (eta, agian, militarra) ari da eratzen munduaren beste puntan. Tifoiak, Lurreko ekaitzik bortitzenak, berezkoak diren parte hartan, hain zuzen.

Norbaitek espero bazuen Hagako epaitegiak Txina Hegoaldeko Itsasoan diren haitz-punta eta hareatzen inguruan Filipinek eta Txinak (besteren artean) duten auzian ebazpena eman ondoren urak baretu egingo zirela… bejondeiola. Arazoaren muina ez ulertzeak zer egiten duen.

Arazoaren muina ez baita «nazio-osotasunarena», herrialde bakoitzak bere aldetik hala aldarrikatzen badu ere. Ezta baliabide ekonomikoen kontrola ere, gehienetan azpimarratzen duguna. Arrazoi horiek ere egiazkoak dira, baina ez dira hil ala bizikoak. Hil ala bizikoa segurtasuna da. Militarra, politiko-diplomatikoa, ekonomikoa, komertziala.

Segurtasunak «behartzen» du Txina, Hagako epaitegiak ken diezaiokeen arrazoi historiko-juridikoaren gainetik, Hegoaldeko Itsasoko sasi-uharteetan gotortzera. AEBek Guamen, Okinawan edota Hego Korean base galantak mantentzeko duten arrazoi berberak, alegia. Eta eskualdean ezegonkortasuna zabaldu ahala, gero eta sendoago gotortuko da, gainera.

Haga oso urruti dago Txina Hegoaldeko Itsasotik. Korea, ordea, ez dago hain urruti; eta txinparta-sorleku etengabea da… eta txinpartak maite ditu Shinzo Abek. Eta Malaysia are gertuago dago; eta MH370 hegaldiarekin egindakoak nabarmentzen du zertan dabilen. Eta Vietnam bertan dago; eta «pasaportearen intzidenteak» erakusten du hango giroa. Eta Filipinetan…

Ez naiz esaten ari 75 urte geroago beste Pearl Harbor baten atarian gaudenik, ez. Baina testuinguru horretan Trump batek zer erakar dezakeen pentsatzeak hotzikara ematen du… Eta Hillaryk?