Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Agintera

Zin dagizuet orain arte ez nuela arretarik jarri horretan. Uste nuen apaiz-moja, mota guztietako agintari eta egia “berdaderua” zabaltzen duten masa-komunikabide eta irakasleen kontua zela. Baina joan den egunean, abuztuak kasik musikala bihurtu duen irrati horietako batean, bata bestearen atzetik, etengabean, aparailuak jaurtitzen zituen kantuei kasu egin nien. Koitadua ni, ordubetez edo, eta erabat izututa geratu nintzen emaitzarekin. Ba al dakizue kantariok zenbat erabiltzen dugun agintera kantuen hitzetan? Ez egin hau, egin beste hori, ez ikusi, zaindu burua, hartu kalea, jan garbi, mugitu, aldatu, bizitu, eraldatu, haserretu, maitatu, ez erosi, pentsatu... Hamabost bat kantutan, hori aditz eta agindu kaparrada. Benetan, eta intentzio onena aitortuta ere, zertara dator hainbeste agintera? (Gogoratu aditz genero honek beti duela agintzen eta obeditzen duena). Eta musikariak, hainbatetan, predikadore huts bihurtu garela otu zitzaidan. Edo okerrago, gaixoei egunero errepikatzen dizkien aholkuak betetzeko gai ez diren medikuak, erremedioak bai, baina beti besteentzat. Pulpitutik esaldi perfektuak botatzen espezialistak.

Orduz geroztik, ezin izan dut burutik kendu kontua, are gehiago, musikari “ezkertiarron” artean gaitza zein zabalduta dagoen ikusita. Pentsatu ere pentsatu dut, agian, hau izan daitekeela musikariok jendartean dugun itzal gero eta eskasagoaren errudunetako bat; gauzak gainetik begiratu eta entzuleari aginduak botatzen dizkiogula, eta jendea, jakina, nekatu egiten dela aginduak entzuten.