Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Gezia

Amerikar indigenen genozidioa ipintzen zuten telebistan bazkalosteetan. Horrela ikasi genuen geziak ez zeukala zereginik bolboraren aurrean. Baina ordura arte, eta mendeetan zehar, gizakiak asmatutako armarik lazgarrienetarikoa izan zen.

Etsaiari gezia jaurti ahal izateko hainbat osagai behar dira. Hasteko, azken boladan politikan eta finantza munduan hainbeste erabiltzen den berba: giharra. Ez da determinantea bere indarra, baina minimo bat behar da. Ondoren adar malgu eta sokaz osaturiko arkua, giharraren indarra potentziatzeko tresna bat. Leninek «alderdia» deitu ohi zuenaren antzeko zerbait.

Arkuarekin batera, zorroan sarturik, gezia bera dago. Hiruki formadun azkon, kirten edo gider, eta bere muturreko lumak (hiru gehienetan). Giderra ezinbestekoa da giharrak arkuaren bidez egiten duen indarra azkonari transmititzeko. Koadro politikoen funtzioa beteko luke, eskuekin batera. Indarraren transmisio funtzioa. Lumak norabideari eusteko dira, osagai ideologikoak.

Arkua tenkatu eta gezia jaurtitzeko borondatea baino ez zaigu falta daborduko.

Prozesu guztia azaldu ondoren punturik garrantzitsuenera heldu gara. Geziaren izaera lazgarriaren zergatia. Izan ere, geziaren puntak aipatu ditugun osagai guztiek sortzen duten indarra puntu bakarrean kontzentratzen du. Erpin txikian esku, beso, arku, metal eta abiaduraren energia. Berebizikoa da punta zorrotza, indarra ahalik eta espazio txikienean kontzentratzeko, puntu txiki bakarrean. Horregatik dira liderrak hain garrantzitsuak politikan.

Ostera, gezi kamutsen zalea den herri honetan, batzuk entzuten ditut energiaren bidea alderantziz planteatzen. Geziaren puntako indarrak giharra mugitu beharko balu legez. Eta esan nahi dutena ulertzen dut. Baina Darwini galdetzen diot ia nolatan gainditu zuten horiek Paleolitoa.

Orduan ere kobazuloan geratuko ziren, agian, ehizan irten beharrean.