Abenduan abendu
Abendua eta abendu inguru osoa ezaguna eta deigarria egiten zaigu: neguaren pregoiak batetik, abenduko gozamen Eguberritakoa bestetik, elur eta negu zantzuak ere hor dira… Baina «abendu» hitzaren misterioa jarriko nizuke adigai. Agudo erantzungo duzu hori aspalditik dakigula Elizako martxa jarraitu izan dugun euskaldunok: Abendu garaia, abenduko igande Eguberri bidekoak… alegia, «abendu» hitz hori, bere esanahi guztiekin, latinezko «adventus», etortzear denarengatik datorkigula. Halaxe da.
Baina, kasu honi: harritu gaitzakeen kontu bat ere bada-eta hor tartean. “Naturaren mintzoa”-n idatzi nuen honakoxe hau: Bada ñabardura bat guztiz bitxia. Ba al dakizue «abendu» hitza daukagula baita ere, euskaraz noski, gabiraiari eta zapelatzari, miruari eta txitalapurrari deitzeko ere? Ez jakin zein paraje eta eskualdetan den, baina, «abendu arrea» bildu du, adibidez, Resurreccion Maria Azkuek bere hiztegian: «gabirai arrea», hor goian, hegatsak izu-ikaraz dituela, toki berean hegaka egoten dena, beheko xagutxu edo satainari erreparatzen, hori «abendua» da euskaraz.
Nondik erantsi ote zaion? Gaztelaniaz eta portugesez, «abanto» deitzen zaion hegazti hau izanen da, inondik ere, euskarazko «abento» edo «abendo» ekarri duena. Auskalo! Nolanahi ere, ñabarduratxoa hor dago seinalatua.
Hortik, noski, esaldi bitxi bezain arraroxkak suertatu izan zaizkigunetako batzuk:
«Abenduak eruan deuskuz txitarik gehixenak» ageri da Orotariko Euskal Hiztegian ere Toribio Etxebarriak Eibarren bilduta. Eta «abenduanak» ere esan ohi da, hegazti hauen habiak izendatzeko.
Atzo sartu ginen abenduan. Egia. Meteorologiaren neurgailu eta hainbat datu eta zenbakiekiko mundutxo karratuan, urtaroak hirunaka hilabetez bereizten ditugu: martxo-apiril-maiatzak udaberritzat hartzen ditugu; ekain-uztail-abuztuak, uda garaitzat; irail-urri-azaroak, hauek udazken.
Horregatik zioten aste honetan zehar, udazken nahikoa berexia izan dugula aurtengoa. Alegia, joan den urteko hilabete batzuk, aspaldiko epel eta beroenak izan baziren, aurtengo udazkeneko hirurak –eta hau NASA ofizialetik seinalatua da– are eta epelagoak izan direla. Alegia, azken 36 edo 40 urteotako berotxuena eta leunena izan dela, hain zuzen ere, aurtengo udazken amaitu berria. Bego bere horretan. Zer pentsatua ematen du eta…

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
