Ritxi Aizpuru
Musika argitaratzailea

Musikaren despedidak

Hileta-despedida eta agurrerako abestia aukeratuta dauka ezagun batek. Donostiako danborradan nola, horrela nahi du hogeita lau orduz Oskorri taldearen “Furra furra” besteok derrigorrez entzunaraztea fandangoa dantzatuz. Lagunak prestakuntza tekniko guztiak egin ditu hileta-musika ez dadin eten. Agurrak egingo diren toki estrategiko desberdinetan paratuko ditu bozgorailuak. Ez gaitu ardo eta garagardoaren edanarekin soilik mozkortuko.

Kantuak berak ere mozkortu eta zorabioraino eramatea da lagunaren xedea. Modu honetan ez omen gara inoiz beraz ahantziko. Lagunaren hipotesia da “Furra furra” egun osoz entzunda tortura txiki bat bilakatuko zaigula eta torturak ez omen dira inoiz ahazten. Torturatzaileak barkatu ditzakegu baina ez dira burutik joaten.

Euskal Herrian tortura jasandako makina bat adibide dugu. Brasilgo tupi-guarani tribuei gero eta gutxiago esango zaie gizarte primitiboak direla, baina mendebaldeko gizarteak tortura bezala deskribatu duen ekintzak, aldiz, badu nolabaiteko antzekotasuna lagunaren teoriarekin.

Nerabetasuna agurtzeko iniziazio prozesu bat igarotzen dute, gorputzean arrasto eta orbain nabarmenak geratzen zaizkie helduei. Gizartearen atal politikoa eta soziala gordetzeko da errituaren gogortasuna, botere hertsatzaileari betiko ukazioa barneratzea, gizarte askearen eredua kontserbatzeko. Heriotzak ere ez du eramango pentsamendu askatzailea. Hurrengoan, F. Mendiagueren “Kantuz”.