Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Pierra Mentaren 32.ak maila ikusgarria eman du

Seniorretako aurtengo irabazleak honakoak izan dira: Damiano Lenzi-Matteo Eydallin eta Laetitia Roux-Emilie Forsberg. Iñigo Martinez de Albornoz, Antonio Blancorekin, 35. postuan sailkatu da.

Pierra Mentak 32. ekitaldia amaitu berri du; hilaren 8tik 11ra, hain zuzen ere. Eta badirudi, Europan eski alpinismoko lasterketetan sona handiena duen honek, xarma mantentzeaz gain, urteen poderioz gero eta indar zein erakargarritasun handiagoa duela. Frantziako Areches-Beaufort eskualdean izan den binakako proba honek, beste behin, langa guztiak gainditu ditu.

Irteera puntuan 210 taldetik gora izan ziren, eta, ohi den bezala, lau etapa horietan 80 kilometro baino gehiago eta 10.000 metroko goranzko desnibelari aurre egin behar izan zieten. Eta tartean, oso mitiko bihurtu den Grand Mont mendia (2.686 m) igo behar izan zuten.

Jakina, den-dena bikain irten zedin, 400 boluntariok lan eskerga egin zuten. Eta, beste behin ere, hutsik egin ez zutenak ikusleak izan ziren. Gogoratu behar dugu goi mendian egiten den lau eguneko lasterketa izaten dela; bada, aurten ere mendiko eskiko ehunka jarraitzaile bertaratu dira.

Parte-hartzaileei dagokienez, Grande Course zirkuituan egon ala ez (aurten izan da), izen handiko espezialistek jarduten dute; lehen lerroan ibiltzen diren italiarrak, frantziarrak, suitzarrak, katalanak… Euskal eskiatzaileen presentzia ere egon zen, baina, oro har, “bigarren ligan” parte hartu zuten. ”Lehen ligan” jardun zutenen artean, Iñigo Martinez de Albornoz soilik aipatu beharko genuke. Eta donostiarraren alboan izar handi asko lehiatu ziren: William Bon Mardion, Xavier Gachet, Damiano Lenzi, Matteo Eydallin, Kilian Jornet… Nesken mailan, berriz, honako hauek aipatu behar ditugu: Axelle Mollaret, Severine Pont, Laetitia Roux, Emilie Forsberg…

Datu horiek guztiak, seniorren mailari dagokionez. Eta hori diogu etorkizuneko eskiatzaileak ere lehiatu zirelako. Pierra Mentak badaki harrobia egiten eta lantzen, eta, beraz, bi egunez juniorrek eta kadeteek dena eman zuten. Tartean euskal ordezkariak ere izan ziren.

Aurkezpen zabal hau egin eta gero, seniorren lehiak eman zuenari zabalduko dizkiogu ateak. Lehenik eta behin, aipatu behar dugu Daminao Lenzi eta Matteo Eydallin italiarrak izan zirela gizonezkoetan indartsuenak; eta nesketan, berriz, Laetitia Roux frantziarrak eta Emilie Forsberg suediarrak osatutako taldea.

Lau etapa

Lehenak 20 kilometro eta 2.500 metroko desnibela izan zuen, eta gizonezkoetan Lenzik eta Eydallinek argi utzi zuten aurtengo Pierra Menta beraientzat nahi zutela; nagusitasunez irabazi zuten. Nesketan, ordea, Severine Pont eta Jennifer Fietcher-ek ezustekoa eman zuten; izan ere, Forsberg eta Rouxek osatutako taldea atzean utzi zuten. Lehia estuak izan ziren; besteak beste, lehen hiru sailkatuen artean soilik 30 segundoko aldea egon zen.

Bigarren egunean, bestalde, Lenzi eta Eydallinek berriro irabazi zuten. 2.213 metroko desnibela zuen ibilbidean italiarrek bigarren sailkatuei (Kilian Jornet eta Alexis Sevenecci) minutu bat eta 13 segundoko aldea atera zieten. Baina nesketan Roux eta Forsberg beren “lekura” itzuli ziren; hots, garaile atera ziren. Bost igoera zituen ibilbidean eskiatzaile guztiek onartu zuten etapa gogorra izan zela.

Hirugarrenak, bestalde, argi utzi zuen Pierra Mentako behin betiko irabazleak nortzuk izango ziren. Hirugarrenez jarraian italiarrak nagusitu ziren; ikusten denez, oso erregularrak izan ziren. Roux eta Forsbergek argi utzi zuten lehen etapan lortutako bigarren postua “akats” txiki bat baino ez zela izan. Berriro gailendu ziren.

Laugarren eta azken etapa berezia izan zen oso. Zergatik diogun hori? Bada, Grand Mont mitikoa igo behar zutelako; aurten ez dira gailurretik pasatu. Batzuek diote mendiko eskiko denboraldiaren urteko egunik handiena dela. Eta arrazoirik ez zaie falta.

Ohi den bezala, leku enblematiko horretan une zirraragarriak bizi izan ziren; izan ere, argazkian ondo ikusten denez, ehunka eta ehunka ikusle izan ziren talde guztiak animatzen. Lenzi-Eydallinen taldeak argi utzi zuen bere nagusitasuna, eta lautik lau egin zuten. Bat gutxiago erdietsi dutenak Roux eta Forsberg izan dira; azken etaparen garaipena ere zakuratu zuten.

Lau etapa horietan talde bakoitzak lortutako denborak batu ondoren, sailkapen nagusiak Lenzi eta Eydallinentzat eta Roux eta Forsbergentzat izan dira. Atzetik Jornet-Sevennec eta Pont-Fiechter sailkatu dira. Eta hirugarren postuan: Nadir Maguet-Michele Boscassi eta Axelle Mollaret-Lorna Bonnel. Gizonezkoetan, 177 taldek amaitzeko aukera izan zuten; eta nesketan, 16 taldek.

Euskal ordezkariak

Hasierako lerroetan aipatu dugu euskal eskiatzaile batzuek ez dutela Pierra Mentaren festa handi hori galdu nahi izan. Eta zehaztu dugu ere, nolabait esateko, Martinez de Albornozek “lehen liga” horretan jardun duela. Bada, donostiarra, Antonio Blanco kide espainiarrarekin, 35. postuan sailkatu da. Lehen aldia zuen elitean dauden espezialista horien artean lehiatzen; eta, beraz, eskiatzaile gazte horrek erdietsitako postua azpimarratu beharrekoa da.

Gazteen mailan, berriz, hainbat euskal ordezkarik postu oso onak sinatu dituzte. Junior mailan, mutiletan, Pablo Oderiz Quentin Dulac frantziarrarekin lehiatu da. 43 taldeetatik hamabosgarrenak izan dira. Eta nesketan, Maialen Urizek Chloe Fourmigue frantziarra taldekide izan du. Hamar taldeetatik bosgarren postuan sailkatu dira. Eta kadeteetan, Txomin Ortiz de Zarate, Paul Vignes frantziarrarekin, hamaikagarrena izan da; 24 taldek amaitu zuten bi eguneko lasterketa hau.