Jon LEUNDA
errugbia

Hernanik eta Getxo Arteak jaitsiera saihestu nahi dute

Euren partidak irabazi eta Cajasolek galduko balu, helburua beteko lukete.

Ohorezko Maila amaitzeko hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta emozioa soberan dago. Tartean daude euskal taldeak. Horietako bik, Hernanik eta Getxok, zuzeneko jaitsiera saihesteko aukera dute.

Hernanik bihar 12.00etan Bartzelona hartuko du Landaren. Kataluniarrak aurkari zuzenak dira, eta une honetan haiek dira jaitsierako kanporaketa jokatu beharko luketenak. Beraz, neurketa honek ikaragarrizko garrantzia izango du. Kontuan hartuta azken postuan dagoen Cajasolek Quesosen aurka jokatuko duela, gipuzkoarrek garaipena lortuko balute eta Sevillakoek galdu, zuzeneko jaitsiera saihestuko lukete, eta jaitsierako kanporaketa ere oso atzean utziko lukete.

Jaitsierako lehian sartuta dagoen beste taldeak, Getxo Arteak, Complutense Cisnerosen zelaian jokatuko du gaurkoan, 17.00etan. Gutxienez puntu bat lortzeak ere balio handia izango luke. Ampo Ordizia, berriz, titulurako kanporaketak jokatzeko helburuarekin ari da lehiatzen, eta bihar oso neurketa zaila izango du Santboianaren zelaian, 12.00etan. Bizkaia Gernikak Alcobendasen aurka jokatu beharreko partida, berriz, atzeratu egin dute. 

Emakumezkoen Ohorezko Mailan, azkeneko jardunaldia jokatzen da asteburu honetan. Getxo Arteak Coruña hartuko du bihar Faduran, 12.00etan.

ProD2

Biarritzek galdu egin zuen herenegun gauean Perpinyaren zelaian, 17-8. Bi taldeak ari dira Top 14ra igotzeko borroka horretan lehiatzen eta kolpea izan da lapurtarrentzat. Neurketa bera ez zen batere ona izan, biak izan baitzuten galtzeko beldur handia. Hamdaouik egin zuen zuri-gorrien entsegua eta Maxime Lukuk lortu zuen gauzatzea. Atzokoan, ordea, jaurtitzaile garaztarra ez zen batere fin aritu, eta taldeak ikaragarri nabaritu zuen.