Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hau ez da literatura

Ospitale psikiatriko batean egindako bi egonalditan idatzitako testuetatik erauzi dira lore bateko petaloen gisan Alaine Agirreren «Txoriak erotzen ez diren lekua» liburuko poemak. Aitortza bat egin du idazle bermeotarrak, ausarta, zintzoa. Batez ere bere buruarekiko egindakoa, berarentzat idazten duela baitu aitor lehenengo momentutik. Ezleku bateko bizipenak dira, gordintasunaren alde samurrena ere bilatzen duten kontakizun poematizatu errealak.

«Lotsabako hasiko naiz. Konturatu naiz idazlea naizela». Alaine Agirrek (Bermeo, 1990), atzo, “Txoriak etortzen ez diren lekua” (Erein) poema liburua aurkezterakoan –genero horretan bere lehenengo lana du honakoa–. Eta lotsabako aritu zen, bai, liburua idaztera eraman zuten arrazoiak, edo egoerak, hitz totelik gabe azaldu zituenean batez ere. Iaz idatzitakoa da. Ospitale psikiatriko batean egindako bi egonalditan. «Eguneroko bat idatzi nuen, hobe esanda, segunduroko bat, denbora guztia idazten pasa bainuen».

Lehenengo poematik erakusten dizkio irakurleari hura idazteko zioak: “Idazten dut/neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapatzeko/idazten dut/giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko/idazten dut/beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko/idazten dut/ ziega pareta-zuri hau urratzeko/(haizea sar dadin/behintzat arnasa apur bat/hartu dezadan)/idazten dut/neure burua zulatu eta/barruan/burmuina jaten ari zaidan zizare lodi hori/aliketa batzuekin hartu eta erauzteko/idazten dut/ez dakit zertarako/baina idazten dut”.

Nortasuna galtzen sentitu zuen. «Ez naiz inoiz sentitu fisikari, filologo... ez ditut ikasketak bukatu, eta diagnostiko horren kulpagatik ahaztu egiten duzu zer zaren eta zer izango zaren. Horregatik idatzi nuen».

«Goizeko bostetan harrapatu nindutelako larrialdi irteerako argipean idazten naiz idazlea. Hori da nire nortasun bakarra», gaineratu du. Poemak ez ziren izan bi egonaldi haietan idatzitakoak, testu automatizatuak baizik –«gero batzuk ez nituen ulertu ere egiten»–. Eta ondorenera erabaki zuen haietatik poemak erauztea.

«Hura ez da infernua, ez zerua ere, ezleku bat da, mikromundu bat», aipatu zuen Iñaki Aldekoa editoreak Alaine Agirreren ondoan paratuta. Bertako maindireen laztasuna ere sentitu zuela aitortu du. Lixiba usaina, antisikotikoena... –«onddoak ere atera zitzaizkidan, min fisikoa sentitu nuen»–.

«Niretzat idazten dut, ez dizuet gezurrik esango. Sariak jaso ditut eta ez diot horri uko egiten, eta eskertuta nago oso, baina neuretzat idazten dut, behar dudalako», jarri zuen azpimarran idazleak.

Horregatik, poesia bihurtu zuen «hango mierda dena», «edertasuna bilatzeko ariketa bat izan zen». Eta ezleku hartan bilatu zuen edertasunik, edo lasaigarririk, edo plazer txikienik ere, bertako gaixoekin hizketan aritzea besterik ez bazen ere. «Erretzeko gelan parrandak egiten genituen orfidalak hartu eta gero, musikarik gabe, alkoholik gabe, baino parrandan aritzen ginen». «Baina infernu bat ere bazen», gaineratu du.

«Oraingo honetan, neure buruari», eskaintza egin dio Agirrek. «Uste dut merezi dudala». Eta jarraitu du: «Niretzat idazten dut behar dudalako, espero dut maila hori ere jaistea eta gehiago disfrutatzea. Ez nabil ezer zehatza bilatzen, zirrikitu batetik idazlearengana zerbait iristea nahi dut».