Jon GARMENDIA
Idazlea

Hilobietako historia

Oise departamenduan dago Le Mesnil-Theribus, mila biztanlera ailegatzen ez den herrixka. Iparrerantz joz gero, Parisetik hirurogei bat kilometrora aurkitzen da. Kasualitatez iritsi nintzen hara, ogitarteko bat jateko autoa gelditu eta Saint Louis hilerriaren ondoan nengoenez, inertzia eta kuriositatearen deiak sartu ninduten barnera.

Ez dakit zer duten hilerriek, izango da bakea arnasten dela haietan, baina erakarri egiten naute betidanik. Eta hildakoen harlauzak irakurriz nenbilela atzeman nuen Mary Cassatt margolari estatubatuarraren hilobia Le Mesnil-Theribusen; gero, bera hil zen Beaufresneko jauregia ezagutu nuen. Artean ez nekien Cassatten berri; Edgar Degas margolari inpresionistaren laguna zela irakurtzean bere biografian sakontzen hasi nintzen, Pennsylvaniatik Parisera joan zela bizitzera, margolari bikaina zela, eta Degasi misoginia sendatzen lagundu ziola.

Ama eta ahizpa eritzean pintura baztertu eta haien zaintzan ibili zela ikasi nuen, eta hori, artisten artean emakumeek egiten dutela etorri zitzaidan burura, edo, gizonezkoek egitean hedabideak kolapsatu egiten direla. Degas handi gisa nuen, baina ia ahanzturan den hilobi bati esker jakin dut ezkutuan handiagoak badaudela.