Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Patrikako «carpe diem» poemak

Pako Aristik interesgune dituen bost ideia edo gai dira «Maitatu zure egunak» (Erein) poema liburuaren zutabeak: harridura, norbanakoa jendartean, zahartzaroa, egia eta egoa. Bildumaren ostean, hogei urteko isilunea hautsi eta eleberri berria kaleratuko duela iragarri zuen.

Inaxio Mujika Erein-eko editorearen hitzetan, poesia narratiboaren bidetik jarraitu du Pako Aristik “Maitatu zure egunak”, bere seigarren olerki bilduman ere. «Ez bilatu hemen bigarren edo hirugarren esanahirik, esan nahi duena oso garbi esaten du, doinu malenkoniko batez, batez ere azken liburu honetan». Egilearen xalotasuna, xehetasunetan finkatzen den olerkigintza egitea eta baikortasuna ere nabarmendu zituen. «Pakok positibotasuna dauka bere poema guztietan, bizipoza, bizinahia saldu nahi digu, hortik dator ‘Maitatu zure egunak’, kasik carpe diem bat izango balitz bezala», zehaztu zuen.

Obrari buruzko hori laburpena ontzat emanda, hitza hartu eta seigarren poema liburua osatu izana «harrigarria» egiten zaiola aitortu zuen Aristik: «Berandu hasi nintzen poesia idazten eta lehena argitaratu nuenean ez nekien zenbat poesia liburu aterako nituen, beste zenbat poesia zegoen nire baitan gordea. Poesia idaztea misterioa da poetarentzat ere, nahi duenean agertzen baita eta ez zuk deitzen diozunean».

“Maitatu zure egunak” bost ataletan banatutako bilduma da, eta atal bakoitza dago tematika jakin batekin lotuta. Lehenean, «harridura» aztertu du Aristik, «egunero sortzen den argi berriak begietara ekartzen diguna, goizean esnatu eta ‘bizirik nago’ pentsatzea». Bigarrenean, bere gai errepikarienetako bati heldu dio: jendartearen eta norbanakoaren arteko tentsioa, «askotan ondorio larriak dauzkana ezarritako bizimoduari aurre egiten dionarentzat». Zahartzaroa da hirugarren ataleko zutabea, adinekoek jendartean duten lekuaren gaineko gogoetatik norberak zahartzaroa bizitzeko dituen moduetaraino. «Egiaren eta ipuinaren arteko aldea» aztertu du laugarren atalean, «alegia, noiz iristen den norberari egia esateko unea», eta bosgarren eta azken atala da denetan «bitxiena», autorearen hitzetan: «‘Argazkirik ez mesedez’ deitzen da atala eta selfieak ateratzeko moda konpultsiboaren gaineko gogoeta da. Egoak azken urteetan izan duen inflazioa pertsona guztiengana heldu da. Horrekin lotuta dago gero eta gehiago bizitza modu birtual batean bizitzen ari garela denok eta bizitza birtual horren aurrean erresistentzia bat agertu beharraren aldeko gogoeta egiten dut. Iritsiko dela egun bat denok noizbait, hilean behin edo, terapia bezala kalera atera beharko duguna inongo estentsio digitalik gabe», esan zuen.

Formatuaren gainean, «patrikarakoa» izan zedin nahi zuela esan zuen, «nik ere sekula ez dudalako ahaztu 17 urterekin hasi nintzena egiten; liburu bat hartzea patrikan edozein lekutara zoazela ere».

Seigarren bildumaren ondotik zazpigarren «eta azken» bat etorriko dela iragartzeaz batera, udazkenerako dituen asmoen berri eman zuen. Orain hogei urte azken eleberria argitaratu ostean «zerbait faltsua» ikusten hasi zela esan zuen: «Nobela asko dira artifizialak, plantilla hartuta egin balira bezala daude eginak. Hogei urtez ez dut atera nobelarik, baina aurten aterako dut. Idatzia daukat, orain txukuntzea geratzen zait eta segur aski udazkenean aterako dut».